euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Paris-Basque jaialdia: Frantziako hiriburua euskal erakuslehio bilakatuko da bihartik iganderaino

2017/06/15

Paris-Basque ekimenaren afixa. Ekainaren 16tik 18ra egingo da Parisen
Paris-Basque ekimenaren afixa. Ekainaren 16tik 18ra egingo da Parisen

PUBLIZITATEA

Ekainaren 16tik 18ra Seinaren ibaiertzak kolore zuri-gorri-berdez beztituko dira, heldua baita dagoeneko Paris-Basque jaialdia, paristarrek eta bisitariek Euskal Herriko hainbat kultur ezaugarri, modu tradizional eta produktu ezagutu eta dastatzeko daukaten urteroko hitzordua. Bertan topatuko ditugu giro alai eta jolaskorrean, sukaldaritza menu eta erakustaldiak, kirola, jan-edariak, musika, dantza, kultur tradizioak eta gure baserrietako emaitzak. Turistendako euskal herriska tipi bat, hiriburuaren bihotzean.

Paris, Frantzia. Lekua, 8 Quai Saint-Exupéry, 16. barrutian. Publikoari eskatzen zaio zuri eta gorriz janztea eta txapela edo boneta gorria buruan azaltzea. Paris-Basque-ren 2017ko programa Frantzian arrakasta daukaten euskal ezaugarriez plazaratuko da Parisen.

Kiroletan, pilota era rugbia egongo dira presente, partidekin (Frantziako txapelketak jokatuko dira Chiquito de Cambo pilotalekuan), modalitate desberdinen erakustaldiekin (joko-garbi, xistera, palak, esku-huska, xare, trinketa...) eta tailerrekin sekulan pilotan aritu ez denari aukera emanez pilota bat eskuan hartu eta euskal joko hau momentu batzuez ez bada ere barrutik bizitzeko. Rugbia ere zaleak egiten enseatuko da, partida garantzitsu bat ere programa barnean ezarririk. Herri-kirolak ere (force basque) ezin falta hemen ere modalitate desberdinetan.

Janari arloa estimatuenetako bat izango da. Batetik euskal produktuak egongo dira salgai, eta sagardotegi afariak zerbitzatuko dira. Barne hor, Baionako urdaiazpiko (xingarra) eta piperrada, Euskal Herriko gazta, txokolate, euskal pastiza eta postreak, sagardoa eta euskal likoreak. Baina jaialdiaren esparruan eskainitako aipatu aukerez gain, Basco' Street-Food delako ekimenak hamabost bat sukaldari bilduko ditu --jatetxea Euskal Herrian edo inguruan edo Parisen daukatenak-- gehien bat lurrari lotutako platerak eskainiz, tartean ehiza, biperrak, gasna... euskal ardo, sagardo eta alkoholak ere eskaintzako parte.

Animazioa ere ez da faltako, Paris txarangarekin, Banda Festaire-rekin... euskal kantetan ibiliko dira Pariseko Anaiki gizon abesbatza eta Euskal Herritik etorritako Ur Begi, euskal dantza emanaldiek osatuko dute programa; euskal espartinak presente egongo dira, ekimen solidarioak bultzatuz, eta nahi duenak erosgai izango ditu, noski, turismoak galdegiten dituen apaingarri eta oroigarriak oro, elastikoetatik, oihal, zapi eta ehun mota askotaraino, makilak, txapelak, eranskailuak, giltzariak, eskulanak, ikurrak...

  • Helbidea: 8 Quai Saint-Exupéry, 16. barrutian
  • Ordutegia: ostiralean, 18:00etatik goizaldeko 2:00ak arte; larunbatean, goizeko 9:00etatik goizaldeko 2:00ak arte; eta igandean, goizeko 9:00etatik goizaldeko 2:00ak arte
  • Sarrera: Sarrera libre
  • Arropa: jantzi zuri-gorriz agertzea eskatzen da, txapel gorria buruan
  • Webgunea: http://parisbasque.fr
  • Facebook: https://www.facebook.com/paris.basque



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia