Parana, Argentina. Parana hiri entrerriostarreko Urrundik Euskal Elkarteak 19 urte beteko ditu maiatzean eta kide eta lagunak gonbidatzen ditu elkarrekin ospatzeko. Ospakizuna bikoitza izango da, jai berean ‘Presencia Vasca’ irratsaioaren 29. urteurrena ere ospatuko baitute. Gogora dezagun Federico Borras Alcain aurkezle, ‘Presencia Vasca’ saioa igandero emititzen dela Paranako Radio Universidad-en (105.7 Mhz) goizeko 11etatik 12etara; eta internet bidez ere entzun daitekeela, irratiaren webgunean: www.fmuniversidad.com.
Urteurrenen bazkari bateratua maiatzaren 5ean egingo da, eguerdi t'erdietan, Circulo Hoteleko aretoan. Bazkariaren aurretik zein bazkalostean zozketak eta euskal dantza eta musika ikuskizunak eskainiko dira. Erreserbak urrundik@gigared.com helbidean.
Gonbite honekin batera, Paranako Euskal Etxetik jakinarazi dute Xake Txapelketa antolatu zuela bere baitango Xake Tailerrak martxoaren 23an, hogei urtez azpiko neska-mutikoentzat. 15 bat jokalari bildu zituen lehiaketak eta guztiei saria eman zien antolatzaile taldeak. Ez ahaztu xake eskolak larunbatero ematen direla Euskal Etxearen egoitzan. Txapelketako argazki gehiago, hemen.