Paraná, Argentina. Euskal Etxeko ateak ireki ahal izan zituztenetik ez dira gutxi Paranako Euskal Elkarteak antolatu dituen ekitaldiak, beti ere lagunekin berriro elkartze aldera. Eta urte amaierari begira ere mota askotako topaketak antolatu dituzte. Gaur, azaroak 12, gitarra, Hernando “Pico” Rubio irakasleak ematen duen ‘La Posta’ Tailerreko musikariek urte amaierako emanaldia eskainiko baitute (xehetasunak hemen). Eta bete-betea segituko du euren agendak datozen asteetan: EEko antzerki taldeak azken emanaldia antzeztuko du; ‘Ronda de Cuentos y Canciones’ izeneko musika eta literatura ekitaldia berriro eskainiko dute, gainerako tailerretako azken ekitaldiak ere burutuko dira eta urte amaierako jaia ospatuko dute Juan Carlos Borras buru duen taldeko lagunek.
Poliki-poliki, Urrundik atzean uzten ari da momentu zailak izan dituen urte hau. Borrasek azaltzen digunez, “Oso gogorrak izan ziren aurrez aurreko aktibitaterik gabeko hilabeteak. Horretaz gain 2020ko maiatzean lapurreta pairatu genuen gure egoitzan eta kalteak jasaten ari gara oraindik, galdutakoa ez dugu-eta sekula berreskuratu ahal izan”.
Momentu zailekin batera, bazkideen babesa ere eskuratu zuen Euskal Etxeak ekintza birtualetan eta hala izan da baita ere egoitzara bueltatzeko gonbitea luzatu zietenean. “Azken asteetan antzerki saioa, ‘Ronda de Cuentos y Canciones’ ekintza eta Xake Txapelketa antolatu genituen eta oso pozik atera gara, jende ugarik hartu baitu parte. Gauza bera gertatu zen hiriko Gizataldeen Azokan. Momentu txarrak bizi izan ditugu baina orain poz-pozik gaude ‘berpizte’ honek dakargun segidarekin”, laburbildu dio EuskalKultura-eus-i Urrundik-eko lehendakariak.