euskal diaspora eta kultura
2014/04/23
PUBLIZITATEA
Parana, Argentina. Hiriko El Circulo hotela izan da aurten ere 'Presencia Vasca' irratsaioaren eta 'Urrundik' elkartearen --24. eta 14. urtebetetzeak hurrenez hurren-- urteurren jaien egoitza. Bertan bildu dira joan den apirilaren 13an erakundeko kideak, beste kolektibitate batzuetako ordezkariak eta Buenos Airesetik propio etorritako lagunak, elkarretaratzea eta bazkaria partekatzeko.
[Federico Borrasek, Ricardo Basterrak eta Mikel Ezkerrok hitz batzuk jendaurretu zituzten (argazkiaEE)]
Eguerdian hasita, mota askotako proposamenak zeuzkaten prestatuta anfitrioiek, tartean, dantza eta musika ikuskizunak eta zozketak. Euskal dantzei dagokienez, Ignacio Borrasek zuzentzen duen Urrundik-eko taldearen eskutik iritsi ziren jai aretora; dantza argentinarrak, berriz, Yanina Figueroak eta Diego Abrard-ek osatutako bikoteak eskaini zituen.
[Dantzan blai ospatu zituzten Urrundik-eko kideek euren urtemugak. Neskek Lore Arkuak aurkeztu zuten (argazkiaEE)]
[Mutilek, berriz, San Miguel taularatu zuten (argazkiaEE)]
Abeslarien txanda iritsi zenean, Maria Silva eta Juan Carlos Borras aritu ziren, Oscar Giles musikariak lagunduta. Eta euskal musika tresna tradizionalak ere entzun ziren Paranako eguerdian: Federico Borrasek izan zuen txistu eta danbolina jotzeko ardura.
[Une hunkigarrienetako bat, txikiek, beraiek egindako ikurrinak aurkeztu zituztenean ailegatu zen (argazkia EE)]
Arratsaldean zehar, gainera, zozketa batzuk ere gauzatu ziren eta etxekoek oroigarriak banatu zituzten publikoaren artean. Topa egiteko momentuan ez ziren ez tartak ezta kandelak ere faltatu. ‘Zorionak zuri’ abestu ondoren, baltsa dantzatu zuten bildutako hainbatek.
Mikel Ezkerro Paranako gazteekin
Urteurreneko ekintzak aurreko egunean, apirilaren 12an alegia, hasi ziren Paranako euskal etxean, Mikel Ezkerro irakaslea erakundeko dantzariekin bildu zenean. Urrundik-en egoitzan, adi entzun zuten etxeko kide gazteek irakaslearen hitzaldia.
[Mikel Ezkerro Urrundik-eko kide gazteei solasean (argazkiaEE)]
“Adin guztietako dantzariak, gazteak zein helduak, elkartu ziren Mikelekin mintzatzeko. Berak era erraz eta argi batean hitz egiten die eta oso polita da ikustea gazteek nola entzuten dioten. Behin hitzaldia bukatuta, galdera anitz erantzun zituen Mikelek. Aipagarria da gure gazteek Mikeli dioten errespetu handia, horregatik beti da ongietorria gure artera”, azaldu dio Urrundik-eko lehendakari Juan Carlos Borrasek EuskalKultura.com-i.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus