euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Paraná, Pergamino, General Villegas eta Buenos Aires gorri eta txuriz jantzi ziren Sanferminak ospatzeko

2007/07/17

Afaria Villegasen Sanferminak direla eta
Afaria Villegasen Sanferminak direla eta

PUBLIZITATEA

Argentinako euskal etxeek euskal bestarik unibertsalena, San Ferminak, ospatu dute uztail hasiera honetan. Iruñatik milaka kilometrora egon arren, txunda txunda ta txundaren doinuarekin bat egin zuten eskarmentu handiko festalariek eta baita jaien espezializazioan horren trebeak ez direnek ere. Distantzia ahanztura dela diote... baina txupinazoa, peñak, erraldoiak eta kilikiak, entzierroak inoiz ezagutu dituenarentzat uztailaren 7ak, betirako, esanahi bakarra izanen du, poza.
Sanferminetako hamaika doinu asmatu zituenean, Miguel Astrain maisuak ez zuen imaginatu ere egin nota horiek efektu hipnotikoa izanen zutenik. Baina halakoxea da. Galde diezaietela bestela egunotan Argentinako Euskal Etxe eta Nafar Etxeetara hurbildu diren ehundaka lagunei.

Txupinazoa eta Txoko berria Paraná-n

Esate baterako: Entre Rioseko hiriburuan, Paranan, uztailaren 6an txupinazoa bota zuten. Federico Borras, Urrundik Euskal Etxeko presidente eta txistulari nekazezinak, gakoa eman zien dantzan eta kantan has zitezen bertan bildutako guztiei. Urrundikekoek eguna txoko berri bat inauguratzeko probestu zuten. Aipatu gunea, gazteriari dago bereziki zuzendua eta ostiral gauetan egonen da irekita.

Dantzarien exhibizioa eta jaia, Pergaminon

[Pergaminoko Euskal Etxeko dantzari txikiak Sanfermineko emanaldian]

Pergamino herrian, bestalde, Buenos Aires probintzian, uztailaren 7an murgildu ziren Sanferminetan. Hirugarren urtea da Lagun Onak Euskal Etxeak Euskal Feria ospatzen duela sasoin honetan, Euskal Herriari buruzko informazioa zabalduz. Karia hortarat, historia, geografia eta
dantzen inguruko argibideak ematen zituzten, argazkiak eta idazkiak egoitzaren areto nagusiko zenbait paneletan paratuz. Honetaz gain, Lagun Onak Dantza taldeak emanaldia eskaini zuen eta euskarari buruzko txoko berezia prestatu zen. Iluntzean, bertan bildutako ehun bat lagunen atseginarentzat, taberna ireki eta Euskal Herriko platerak dastatu ahal izan zituzten: Marisko kazolatxoa, rabak, tortilla, arroz-esnea eta euskal opila.

Txupinazoa Eusketxen

Buenos Airesen, Eusketxeren eskutik, 80 bat lagunek parte hartu zuten Sanferminetako ospakizunetan. Uztailaren 7an, Mexico 1880ko egoitzaren terrazatik txupinazoa bota ondoren bertan bildutako lagunek afaltzeari ekin zioten. Euskal Etxeko zenbait bazkidek prestatutako parrilladaren lurrin goxoaren eraginpean jendea kantari hasi zen eta ondoren, Sanfermin bestari buruzko hitzak eskaini zituzten. Ospakizuna goizaldeko ordu txikiak arte luzatu zen dantza taldeko partaideek girotua. [Goi ezkerreko irudian, txupinazoa botatzeko momentua, Buenos Aireseko Eusketxeko egoitzaren balkoitik, Mexico 1880-n]

General Villegasen zapi gorria lepoan

[Elizalde senitartekoen hiru belaunaldi EHNA jasotzen ari ziren momentuan]

General Villegasen ere, uztailaren 7an, ozen eta gogor 'Gora San Fermin' aldarrikatu zuten Euskal Etxeak bildu zituen 150 lagun inguruk. Ospakizun handietan bezala, afaltzeko arkume errea prestatu zuten Villegas'ko Euskaldunak Euskal Etxeko bazkideek. Afaldu ondoren, 'Somos nosotros' musika taldeak gustu guztientzako kantak interpretatu zituen. Une berezietako bat Zahatoa Txapelketarena izan zen, hamaika partehartzaile saiatu ondoren, Rodolfo Esainek txapela etxera eraman zuen. Bestalde, bertaratutakoek tarte hunkigarria bizi izan zuten, euskal argentinar familia baten hiru belaunaldik EHNA agiria eskuratu zutenean.


Lotura interesgarriak

Sanferminak Argentina eta Txileko Nafar etxeetan
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007kouztailaren 6an

Munduko Euskal Etxeek bat egingo dute San Fermin jaiekin
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko uztailaren 5ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia