Parana, Argentina. Osasun egoerak larria segitzen badu ere, hurbil dagoen udari begira neurri batzuk irekitzen ari da Parana hiriko gobernua. Baldintza berri hauetan, egoitza irekitzeko aukera ikusten ari dira Urrundik Euskal Elkarteko lagunak ekintza jakin batzuekin –dantza eta antzerki tailerrak– hasteko. “Beti ere ezinbesteko ziurtasun protokoloa zorrotz jarraituz” azpimarratu digute Euskal Etxetik.
Gainerako aktibitateek, tartean gitarra klaseek, xake tailerrek edo ‘Presencia Vasca’ irratsaioa berak ere orain arteko modalitate birtualean jarraituko lukete oraingoz, martxotik hona izan den bezala.
Xake Txapelketak
Urrundik Elkartetik EuskalKultura.eus-i azaldu zaionez, xakea izan da epe honetan birtualtasunera hobekien egokitu den ekintza, ez bakarrik praktika arrunteko orduan, txapelketak antolatzeko garaian ere baizik. Izan ere, lehiaketa bat baino gehiago antolatu ditu Urrundik-eko Xake Eskolak hilabete hauetan, nazioarteko jokalariak ere partaide.
Azkena ‘Siziliar Herensugearen Defentsa’ izenekoa izan zen, 40 bat xakelari partaide Argentina, Paraguai, Uruguai eta Euskal Herrikoak (Bilbo). Irabazlea Misiones probintzia argentinarreko Joaquín Rodrigo Jiménez izan zen.
Txikienei ere egokitu zaie euren pareekin neurtzeko aukera. Neska-mutilentzako azken lehiaketan, 12 urte arteko umeei zuzendua, Argentina, Espainia, Paraguai eta Uruguaiko 50 jokalarik hartu zuten parte. Kasu honetan ere irabazlea argentinarra izan zen, Azariel Segovia saltatarra.