euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Paraguaiko Asuncionek Argentinakoa baino astebete lehenago ospatu zuen bere Euskal Astea, apala baina lekukotasun-emailea

2014/11/11

Asunciongo Euskal Asteko itxiera-ekitaldiaren aurkezpena (argazkia EuskalKultura.com)
Asunciongo Euskal Asteko itxiera-ekitaldiaren aurkezpena (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Urriko azken astean antolatu du 2014an bere Euskal Astea Paraguaiko euskal komunitateak. Jakina denez, herrialdeak euskal etxe bakarra dauka, Asuncion hiriburuan, nahiz eta barnealdean mugimendurik badagoen bertako euskal ondorengoak higiarazi eta lanean jartzeko, bereziki Misiones departamentuko San Juan Bautista hirian, nork daki datozen hilabeteotan euskal etxe berri bat sortzeko. EuskalKultura.com Paraguaiko Euskal Asteko lekuko eta partaide izan da. Hona idatzizko eta argazki bidezko kronika.

Asuncion, Paraguai. Asuncionen, Pais Vasco izeneko kalean Gernikaren omenez 2001ean estreinatu zen oroitarrian hasi zen, asteartez, urriaren 28ko goizean 2014ko Paraguaiko Euskal Astea, bertan Semana Vasca Asuncena izena hartzen duen ekitaldi sorta. Gustavo Beckelman zizelkariari dagokio bertan dagoen eskultura, berez 'Gernikako askatasun arbola euskaldunaren alegoria' izena duen lana, kale horretako 'uhartetxo' batean kokatzen dena, berdez eta arbolez inguratua. Euskal Etxeko zuzendaritzakoak eta bazkide multzo bat inguratu zen, eta Gernika hartu zen gogoan hizpide, erroekiko lotura eginez, iragana eta geroa bide bereko segimendu gisa.

Asteazkenez, ekitaldia Asuncion erdiguneko Guarani hotelean izan zen, 115 pertsona batu zituen afaria, bertan bildutako diruaren zati bat haurren aldeko fundazio batekin banatu zuelarik Asunciongo Jasone Euskal Etxeak hala izena baitu hiriburu paraguaitarreko euskal elkarteak.

Ostegunean, azkenik, hitzordua Uninorte unibertsitatean ipini zen. Bertan, batetik, domina bat eman zion Asunciongo Euskal Etxeak unibertsitate horretako errektore den Juan Manuel Marcos doktoreari, euskaldunen lagun gisa eginiko ahaleginengatik. Esan beharra dago idazle aldea ere baduela Juan Manuel Marcosek eta bere eleberri "Gunterren Negua" euskarara ere itzularazi duela, eta balitekeela datozen urte honetan Euskal Herrian argitaratzea.

Jarraian, eta Euskal Astearen itxiera-hitzaldi gisa, Joseba Etxarri kazetaria, EuskalKultura.com-eko zuzendaria, mintzatu zen, "Euskaldunak: Euskal Herria eta bere Diaspora" izenburupean. Unibertsitateko telebistak osorik grabatu zuen mintzaldian, euskaldunei eta euren herriari buruzko oinarrizko erreferentziak eman zituen, ondoren errealitate horrek, munduratuta, historikoki eta egun mundu osoko 25 herrialdetara ekarri duen euskal etxe eta komunitate antolatuen berri emanez.

Ekitaldiko azken partean, Jesus Nazabal berastegiarrak, oso aspaldidanik Paraguain bizi denak, euskal kantu tradizional batzuk eskaini zituen, pianoz lagunduta. Kantu horietako azkena, Gernikako Arbola izan zen, Nazabalek eta bildutakoek, zutituta, elkarrekin kantatu zutena, Euskal Asteko programari amaiera emanez.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia