euskal diaspora eta kultura
2012/07/31
PUBLIZITATEA
Asuncion, Paraguai. Misiones departamentuko hiriburu den San Juan Bautista herrira gonbidatuta gerturatu ziren Asunciongo Jasone Euskal Etxeko ordezkaritzaburu Hector Izaguirre euskal etxeko lehendakaria eta Arturo Sasiain lehendakariordea; izan ere omenaldia 1926an Euskal Herritik bertara Brigida Zubia Erostarbe emaztearekin eta seme-alabekin bertaratu zen Sebastian Sasiain Zubillagari egin zitzaion, Sasiain-Zubia senar-emazteak berehala egokitu baitziren eurena egin zuten lur eta nazio berrira eta bertara ixuri zituzten Europatik zekartzaten molde eta ohiturak, eta ohitura eta molde horietako bat izan omen zen 'Batiburrillo' delako plater edo prestaketari bide eman ziona, San Juan Bautista eta Misionesko plater tipikoena, adierazgarriena eta esanguratsuena bilakatu arte. Omenaldia, beraz, herriko jaien erdian, San Juan asteburuan behar zitzaion egin Sasiain gatzagarrari, baina data horietan Paraguai kolpatu zuten gertakatiak kari, uztailaren 7ra aldatu zen, data berrian arrakastaz gauzaturik.
Omenaldia eta 'batiburrillo' delakoaren inguruko ekitaldia xehetasunez iragarri zituen orduan EuskalKultura.com-ek (ikus artikulua hemen). Ekitaldiak berak hartara Asunciongo euskal etxetik joandakoek gaia landu eta iragarri ahal izan zuten San Juan Bautista eta Misionesen dauden euskaldun eta euskaldunen ondokoek interesa daukatela euren erroei eta jatorrizko kultura eta nortasunei eusteko eta Paraguaiko bigarren euskal etxea izango dena sortu nahi dutela bertan.
Baina Paraguaik egunotan eman dituen euskal berri onak ez dira hor agortzen, iaz Asuncionen egin zen lehenengo Euskal Astearen ondotik prest agertu baitira hiriburuko Jasone Euskal Etxea eta Eusko Jaurlaritzaren Mercosurrerako Ordezkaritza aurtengo urrian bigarren Euskal Aste bat antolatzeko. Erabakia Elvira Kortajarena Ordezkariak eta Euskal Etxeko Hector Izaguirre lehendakariak adostu dute bi erakundeon izenean, Kortajarena bultzatzen ari den internet bidezko bilera birtual baten ondoren. Euskal Astea urriaren 22tik 25era luzatuko da eta besteak beste Gernikako Bonbardaketaren 75. urtemugaren inguruko erakusketa eta Estatutuaren Egunaren ospakizuna baitaratuko ditu, Jaurlaritzaren aldetik adierazi dutenez.
Paraguaiko II. Euskal Astea urriaren 22-25ean
Gernikako Bonbardaketaren 75. urteurrena dela-eta Paraguaira iritsiko den erakusketa urriaren 22an zabalduko da, izan ere Asunciongo Juan de Salazar Kultura Aretoan. Orduan ere emanaldia eskainiko du Joseba Gotzon kantariak eta Euskadiko turismoari buruzko erakustaldi bat antolatuko da sail horretako profesionalentzat, hori guztiarekin batera Gernikako Estutuaren Egunaren edizio berri bat egingo delarik, baieztatu dute Elvira Kortajarenaren bulegotik.
Baina horrekin batera ekitaldia egingo da baita ere San Juan Bautistan aipatu bertako euskal etxearen sorrera ospatuz. Ekitaldiok Elvira Kortajarenaren presentzia izango dute, Asunciongo euskal etxeko buruzagi eta bazkideen eta bertako agintari eta gizarte ordezkarien partaidetzarekin bat eginez, baitetsi dute Mercosurrerako Euskadiren Ordezkaritzatik.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus