San Juan Bautista, Paraguai. 'Batiburrillo' du izena eta behiki eta haragi eta tripakiz prestatzen den jakia da San Juan Bautista eta Misiones departamentu paraguaitarrean. Izan ere bertako platerik famatu eta adierazgarriena da gaur egun. Bere sorburua, bertara 1926an iritsi zen Sebastian Sasiain-i eta Brigida Zubia Erostarbe bere emazteari egozten zaie eta, urteak eta gero, euren ondorengoek zein bertako botere publikoek kontserbatua, eskualdeko sukaldaritza jaialdi garrantzitsu baten protagonista da bertakoei eta kanpokoei begira.
(Irakur EuskalKultura.eus-ek Batiburrillo-aren jatorria aipatuz 2012an argitaratu zuen artikulua)
Batiburrilloaren 19. Jaialdia urtarrilaren 25 eta 26an egin da San Juan Bautistan eta publiko itzela bildu zuen. Publikoaz gain, sukaldaritza lehiaketan 60 lagunek hartu zuten parte "batiburrillo", "siriki" (kainaberaz eginiko edaria, haue ere Sasiain asmatzaile) eta "txorizoa" modalitateetan. Epailea Silvia Sasiain izan zen, esan nahi baita gatzagatar Sasiaindarren biloba, eta berak egin zuen aurkezpena, “ikurrina eta euskal koloreak zituen mantal batekin jantzita”, bertako prentsak azpimarratu zuenez.
Omenaldi gisa euskal etorkinari, eta Jaialdiak urterik urte lortzen duen arrakasta ikusita, San Juan Bautistako "bertako platera" legez patentatzeko asmoa du Udalak, Industria eta Merkataritza Ministerioan.