euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pandemiak ez du Diaspora kikildu eta, zainduz, ekitaldi birtual zein presentzialez ospatuko du gaur bere eguna

2020/09/08

Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxeak Rodo Parkean eman zuen dantza emanaldia
Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxeak Rodo Parkean eman zuen dantza emanaldia

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Gaur, irailaren 8a, Euskal Diasporaren Egunaren ospakizunak mundu osoko hamaika euskal etxe eta gizatalde ipiniko ditu Euskal Herrira eta elkarte bakoitzearen muin eta helburuei begira, harro eta bozkarioz aldarrikatzeko "munduaren aurrean", Aitorren kantuak dioen bezala, dauden lekuan daudela, euskal diasporako kideak zutik eta urguiluz segitzen dutela euren aurrekoek irakatsitakoari eusten, eta euren euskal izaera elikatu eta biziarazten eta, beraz, berezko eskubidez sentitzen direla eta direla Euskal Herriko parte, aktiboa eta emankorra gainera.

Lehendakaria buru Gipuzkoako Ormaiztegin egingo den ekitaldia instituzionalak (ikus berria, hemen).hainbat euskal etxe eta ordezkariren partaidetza izango du, aurten murriztuta pandemiagatiko neurriak errespetatzearren, Ekitaldia ez da zuzenean emango, baina geroago bideo bat banatuko da bere une garrantzitsuenekin. Ormaiztegi bertatik, bere lantaldearekin batera arratsaldeko ekitaldi hau prestatzen ari den lekutik, honako mezua bidali du Gorka Alvarez Aranburu jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak.


Gorka Alvarez Aranburu Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariaren bideoa Ormaiztegitik

Aurtengoan irailaren 8a laneguna denez, munduko euskal erakunde batzuk, aurreko asteburura pasatuko zuten euren ospakizuna, bestela zaila baita horretarako denbora hartzea. Hori egin zutenen artean, Tokioko Euskal Etxeak topaketa birtual bat egin zuen larunbatean eta ezohiko bilera horretan, koronabirusa dela-eta norberak bizi duen egoera komentatzeaz gain, Euskal Herria bisitatzeko asmoa adierazi zuten Elkarteko lagunek, agian, egoerak baimenduko balu, datorren negu europarrean.


[2020ko Euskal Diasporaren Egunaren karietara Tokioko Euskal Etxeako zenbait kidek eginiko bilera birtuala]

Ludiaren beste puntan, Uruguain hain zuzen, euskal dantza emanaldia egin zuen joan den igande goizean Haize Hegoa Euskal Etxeak Montevideoko Rodó Parkean. Eta Hego Amerikatik atera gabe, Txileko Santiagoko Colectividad Vasca Elkarteak atzo bertan ospatu zuen, hauek ere Zoom plataforman.

Aldi berean, Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak deiturik, euskal etxe gehienak bideoak ari dira egiten eta gaur bertan zabalduko dituzte sareetan. Batzuk lehenago hasi ziren edukiak partekatzen, Boiseko Euskal Etxea kasu, Lertxundiren Bizkaia Maite ezagunaren bertsio egokitu bat plazaratuz,  ikus bideoa, hemen. Uruguaiko Euskal Erria Argitaletxeak ere materiala zabaldu du. Kasu honetan, Jose Antonio Agirre lehendakariak 1955ean, Uruguaira egindako azken bisitan, bertako Ariel Irratian grabatutako mezu bat sareratuz.

Urtero bezala, egunak pasatu ahala han-hemenka iragarritako ekintzen zerrenda handitzen joango da. Hona guregana heldu diren azkeneko hitzorduetako batzuk, aurreko artikuluetakoei eta gure agendakoei emendatzeko. Badakizu, irakurle, ez direla batere guztiak, baina balio dute tamaina hartu eta ohartzeko irailaren 8ko ospakizun eta aldarrikapen egun honen pozoina sartua dela munduko bazter guztietako euskal elkarte eta gizabanakoetan, munduko euskaldunen izatea eta izaera berezkoa baitzaie Euskal Herriari eta euskal unibertsoari. Aurten, pandemiak eragindako murrizketa guztien gainetik, zainduz, baina birtualki zein presentzialki oihartzun zabala izaten ari da munduan. Gure irakurleetako batek bidalitako mezuan esan digunarekin bat eginez, Gora munduko euskaldunok! Gora euskal diaspora!

Alemania

-Berlingo Euskal Etxeak, ostiralean, irailak 11, bilduko ditu kide eta lagunak, 18:00etan Tempelhofer Feld-en (Luftpark  garagardotegia – Columbiadamm), pandemiaren aurkako neurri guztiak kontuan hartuz

Argentina

-Bahia Blancako Union Vascak irailaren 11an egingo du bere Txoko birtuala’. Informazioa, hemen.
-Cañuelasko Denak Bat-ek Magallanes itsasartera iritsi zeneko bosgarren mendeurrenean, Juan Sebastian Elcanori buruzko hitzaldi bat zabalduko du sareetan. Hizlaria Gustavo Gabriel López abokatu eta aditu cañuelastarra izango da.
-Gral. Rodriguezko Eusko Aterpea Euskal Etxearen bitartez, Sara Pagola Euskadiko ordezkaria elkarrizketatuko du gaur Gral. Rodriguezko Udaleko Irrati Publikoak (89.5) goizeko 11etan.
-Pergaminoko Lagun Onak-ekirailaren 12an, ospakizun birtuala egingo du: Martha Arrillaga lehendakariak Diasporaren Eguna zer den azalduko du, Goizeko Izarra dantza taldeak aurreskua eta fandangoa dantzatuko ditu, eta bi omenaldi egingo dituzte: Julio Maiztegui sendagileari eta Hernan Digilio idazleari. Eramateko gastronomia salgai: bakailaoa eta tortillak.
-Villa Mariako Euzko Etxeak ‘Porotada Vasca’ izeneko janari salmenta egingo du, irailaren 13an. Informazio gehiago, hemen.
-Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeak gaur ospatuko du, Euskal Zinema Ibiltariarekin batera. Aitor Arregi zuzendariaren Kimuak bildumako Zarautzen erosi zuen ikusiko dute eta 20:30etan, topaketa birtuala.

Brasil

-Sao Pauloko Eusko Alkartasunako lagunek, irailean zehar bildu eta sareratuko dituzte “Parte izateko harrotasuna” lelopean egindako testigantzak. Irailaren 12an, arratsaldeko 4etan, “Euskal kolektibitatea Brasilen” izeneko aurkezpena online. Informazio gehiago, hemen.

Espainia

-Madrilgo Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak ‘Munduan Fruitua’ izeneko argitalpena prestatu du aurten Diasporaren Egunerako, euskal kulturari buruzko 20 artikulu bildu eta plazaratuz. Argitalpenaren aurkibidea, hemen.

Peru

-Limako Euskal Etxeak ekintza birtual batera gonbidatzen du: agurrak, euskal dantzak, sukaldaritza, euskara eta argazki erakusketa barne. Informazioa, hemen.

Txile

-Viña del Mar-Valparaisoko Eusko Etxeak gaur ospatuko du, topaketa birtual  batekin. Arratsaldeko 7etan, Elkarteko lagun den Daniel Oholeguy argentinarrak ‘Historia eta euskal emigrazioa” hitzaldia eskainiko du Zoom plataforman. Informazio gehiago, hemen.

Uruguai

-Saltoko Euskaldunen Taldeak bi proposamen ditu gaurko: janari salmenta eta dokumentala. Dokumentala “Que comen y beben los vascos”, Eitb-eko ‘Historia de la Vasconia’ bildumakoa da. Musa, kantak, musika eta karaokea ere egongo dira. Koronabirusaren aurkako neurriak errespetatuz, lekuak murriztuak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia