Rosario, Argentina. Osasun neurriak hartzeari utzi gabe, eta batez ere poz eta itxaropen handiz, aurrez aurreko ekintzak antolatzen ari da berriro ere Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxea. Urriaren 15ean Zine Zikloaren aurtengo lehenengo saioa egin zuten eta Asier Altuna zuzendariaren Amama filma proiektatu. Pelikula osteko eztabaida Zikloko arduradun Emilio Bellonek koordinatu zuen eta aktibitateari amaiera emateko bildutakoek afaria partekatu zuten.
Urte berezi honetako bigarren eta azken zine saio presentziala azaroaren 5ean eskainiko da, aukeratutako izenburua Claude Lelouch-en Chacun sa vie dela. Euskal Etxetik nabarmendu digute aurtengo azkena izango bada ere, datorren urtean zikloak jarraitu egingo duela, beti ere Bellon adituaren ardurapean.
Datozen asteei begira, beste hainbat ekitaldi iragartzen ari dira rosariotarrak. Azaroaren 19tik 22ra partaide izango dira hiriko Gizataldeen Azokan. Lau egunetan zehar, euren egoitzan bertan (Entre Rios 261) janari tipikoak prestatu eta salduko dituzte eta kultura stand batean Euskal Herriari eta Euskal Etxeari buruzko informazioa emateaz gain, "euskal nortasun" agiriak egingo dituzte, abizenen itzulpenaz eta armarrien berri ematearekin batera, bertatik adierazi digutenez. Azaroaren 22an, gainera, EEko dantzari txikiek, Gaztedi Zutik taldekoek eta dantzari ohiek dantza egingo dute Banderaren Monumentoan.
Abenduan, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dute kantaldi batekin. Gonbitea irekia da eta Euskal Etxeko Iker Canut-ek egindako kantutegi digitala (ikus hemen) lagungarri erabiliko da. Urte amaierako ‘errekia’ ere egingo dute, 11an, Olentzero eta guzti, urteko azken ekitaldi jendetsu gisa.