Vitoria-Gasteiz. Urtero bezala, Eguberri Mezua zabaldu die Lehendakariak munduan barreiatutako euskaldunei eta euskal gizataldeei. Aurtengoan, COVID-19ak ekarritako erronkari dagokionez, desafioa onartu eta guztien lankidetza lagun, nonahi gaudela, gainditu eta bentzutuko dugula baitetsiz egin du, kanpoan diren euskal gizataldeek egoerari aurre egiteko dagoeneko erabili dituzten elkartasuna, ekimena eta irudimena tresna gisa erabilita.
Urkulluk azpimarratu egin die Euskal Herritik kanpo bizi diren euskaldunei Eusko Jaurlaritzaren eurekiko ardura eta gertutasuna, eta gogoratu egin die bere zeregina ere badela eurei laguntzea, Jaurlaritza eurena ere badela nabarmenduz.
Hona Urkullu lehendakariaren mezu osoa:
Kanpoan bizi zareten euskaldun estimatuak:
Amaitzera doa denontzat oso zaila izan den urte bat. 2020a, COVID-19aren pandemiak gure bizimodua aldrebestu duen urtea. Gure arteko harremanak baldintzatu ditu, gure egitasmoak, pertsonalak nahiz profesionalak, epe ertainera eta luzera.
Gure bidaiak, joan-etorriak eta aurrez aurreko kontaktuak neurri handi batean mugatu dituen urtea. Erabat murriztu da Euskadi-Mundua-Euskadi mugikortasuna, denok ezagutzen ditugun eta bizi ditugun ondorio guztiekin.
Egoera korapilatsu horretan, Euskadik aurre egin behar dio XII. legealdiari, eta Legebiltzarraren gehiengo osoak nire esku utzi du Eusko Jaurlaritzaren lehendakari izateko ardura datozen lau urteotan.
Onartzen dut desafioa, konpromiso eta uste sendoaz, uste dudalako zuen laguntzaz eta denon artean, nonahi ere gauden, gai izango garela aurrera egiteko. Gutako bakoitzaren ekarpenak, txikia izanagatik, denona den proiektua indartzen du: Euskadi!
Munduan barrena bizi diren euskal gizataldeek, batik bat Euskal Etxeen inguruan ardaztuak, bertan behera utzi behar izan dituzte pandemia lehertu aurretik prest zituzten egitasmoak. Euskaldun izatea eta sentitzea munduan zabaltzeko helburua duten egitasmoak.
Prest zeundeten planeta osoko euskal komunitateetan eta hainbat bide erabili behar zenituzten horretarako: kultura, gastronomia, euskara, kirola… Kanpoan diren euskal gizataldeen ezin konta ahala jarduera, munduari erakusteko zer den Euskadi.
2020a urte zaila izan da zuentzat. Hala eta guztiz ere, kanpoan diren euskal gizatalde askok aurre egin diote ezbeharrari eta erantzun egin dute, elkartasuna, ekimena eta irudimena erabilita tresna nagusi gisa.
Elkartasuna. Laguntza eskainiz bat-batean hainbat herrialdetan etxetik oso urrun “harrapatuta” gelditu ziren euskaldunei. Tokiko erakundeekin lan eginez, laguntza helarazteko zuen herri edo hirietako pertsona zaurgarrienei, zuen inguruko adindunei eta pertsona babesgabeei.
Ekimena. Euskal komunitate askok erantzun egin duzue harreman modu berrien bitartez, komunitatea eraikitzen jarraitzeko pandemiaren “atzaparkada” latzaren aurrean.
Irudimena. Beharra bertute bihurtzen jakinda. Teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak egokituz eta erabiliz, modu irudimentsu, bizkor eta eraginkorrez erantzuteko osasun krisiak planteatu dizkizueten komunikazio premiei.
Egia da “aurkikuntza” horiek guztiek ezin dituztela ordeztu giza harremanak eta aurrez aurreko “topaketa” fisiko eta ukigarriak. Zuzeneko komunikazioa, bitartekaririk gabekoa, euskaldunok horren gustukoa duguna. Edonola ere, oztopoak oztopo, agerian gelditu dira, inoiz baino gehiago, kanpoan diren euskal gizataldeen elkartasuna eta bizitasuna, aurrera egiteko nahi sendoa, etorkizuna ilusioz ikusteko gogo ikaragarria.
2021ak desafio eta aukera berriak dakarzkigu. Batera lan egiteko aukera, auzolanean, euskal komunitate global baten sarea zabalduz. Kanpoan diren euskal gizataldeak antolatzeko tresna bat, bizi izan dugun egoeran eta etorkizunean bizi izango ditugun beste batzuetan agerian utziko duena Euskadik XXI. mendeko munduan duen aktiboaren balioa.
Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko du euskal sarea munduan ehunduz eta zabalduz. Zuoi guztioi entzunez eta zuokin guztiokin harremanak estutuz.
Gure helburua da Eusko Jaurlaritza zuena ere badela senti dezazuen, ahal dugun neurrian gure zeregina ere badela zuei laguntzea. Egia bihur daitezela Iparragirreren, duela 200 urte jaio zen Urretxuko koplariaren hitz ospetsuak: “eman ta zabal zazu munduan fruitua”.
Jaso itzazue 2021. urterako nire desiorik onenak, zuentzat eta zuen familientzat. Eta desio horien artean, honako hau: igaro gaitezen lehenbailehen gaur egungo ziurgabetasunetik ziurtasunera, eta egin dezagun aurrera XXI. mendeko Euskadik bakearen eta oparotasunaren bidean egin behar duen bidean!
Gabon-Eguberri on eta urte zoriontsua zuek guztiontzat, bihotz bihotzez!
Iñigo Urkullu Renteria
Lehendakariaren 2020ko Gabon Mezua
-Euskaraz
-Gaztelaniaz
-Frantsesez
-Ingelesez