euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pamiela argitaletxeak bi lan berri aurkeztuko ditu Buenos Aireseko Nazioarteko Liburu Azokan

2009/04/14

Xamarren 'Vascos' eta 'Siete poetas vascos' antologiaren azalak
Xamarren 'Vascos' eta 'Siete poetas vascos' antologiaren azalak

PUBLIZITATEA

Pamiela argitaletxe iruindarra aurten ere Buenos Aireseko Nazioarteko Liburu Azokan izango da, eta oraingoan gainera bereziki bertan aurkezteko prestatu dituen bi libururekin: alde batetik, 'Vascos', Juan Carlos 'Xamar' Etxegoienek euskarak munduan izan duen historia eta presentziari buruzko lana; eta bestetik 'Siete poetas vascos', euskal poeta garaikideen poema aukeratuen bilduma, euskaraz eta gaztelerazko itzulpenarekin. Egileek hainbat aurkezpen egingo dute azokan, Ruper Ordorika musikariaren partehartzearekin.

Iruñea-Pamplona. Pamiela argitaletxea Buenos Aireseko Nazioarteko Liburu Azokan izango da hilaren 23tik maiatzaren 1a arte, eta aurten gainera euskal argentinar komunitatearentzat eta euskal gaietan interesa duten argentinarrentzat oso erakargarriak izan daitezkeen bi liburu aurkeztuko dituzte.

Lehenak 'Vascos. Su lengua a través de la historia' izenburua du eta euskal hizkuntzak eta kulturak izan duten ibilbide historikoa eta munduan duten presentzia aztertzen du. Juan Carlos Etxegoien, 'Xamar', da lanaren egilea. Liburua euskaraz argitaratu zen lehenik, 'Euskara Jendea' izenburuarekin. Udalbideren laguntzarekin egin du Pamielak itzulpena, Argentina eta Diasporako irakurlegoari bereziki zuzendurik.

Xamar euskal kulturari buruzko hainbat dibulgazio lanen egilea da eta bere liburuek zabalpen handia izan dute, egileak erabiltzen duen estilo argi, ulerterraz eta interesgarriak lagunduta. Horietako bat, 'Orhipean' lana Euskal Herriko salduenetakoa da eta euskarazko jatorrizko edizioaz gain gaztelerara, frantsera eta ingelesera ere itzulia izan da. Prest dago ere katalanerazko edizioa.  

Zazpi euskal poeta

Beste lana 'Siete poetas vascos' da eta bereziki gazteleraz egiten duten irakurleentzako prestaturiko lana da. Liburu honetan Luigi Anselmi, Bernardo Atxaga, Jon Gerediaga, Tere Irastorza, Xabier Lete, Xabier Montoia eta Joseba Sarrionandia poeten lanak jasotzen dira, jatorrizko euskaran eta gaztelerara itzulita. Horrez gain Joxemiel Bidadorrek eginiko idazle bakoitzaren soslaia ere dakar liburuak.

Jose Angel Irigaray izan da edizio honen koordinatzaile eta berak egin du liburuaren sarrera ere. 'Liburu hau Argentinan, hainbeste euskal jatorridun jendea dagoen herrian, eta Buenos Aireseko azokan aurkeztea euskal poesia gaztelera hitzegiten duten herrialdeetan eazgutzera emateko aukera paregabea da', azaldu dute Pamielako arduradunek. Argentinar aurkezpenaren ondoren Euskal Herrian aurkeztuko dute lana. 

Ruper Ordorikaren kontzertuak

Azokan Xamar eta Jose Angel Irigaray egileak, Pamielako arduradun Pello Elzaburu eta Udalbideko Ramuntxo Canblon eta Bixente Arozena izango dira bertan. Aurkezpen ofiziala apirilaren 26ean izango da Juan de Garay elkartearen eta FEVAren (Federación de Entidades Vasco Argentinas) standean. Horrez gain, FEVAk antolatuta, aurkezpen gehiago egingo dira: Montevideon, Uruguaien 27an eta 28an, eta Argentinan, Bahía Blancan 29 eta 30ean eta Rosarion maiatzaren 1ean eta 2an.

Aurkezpen horietan Ruper Ordorika musikariak ere parte hartuko du, Dani Perez bere taldekide argentinarrarekin batera. Azokan kontzertu bat eskainiko dute apirilaren 24ean eta beste bat Montevideoko Zitarrosa arotan apirilaren 27an. Bahía Blanca eta Rosarioko ekitaldietan ere parte hartuko dute.

Pamielari buruzko informazio gehiago, bere webgunean: www.pamiela.org.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia