euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pakita Andueza, antropologiak eta poesiak liluratuta Mexikon bere lekua aurkitu duen bidaiari lakuntzarra

2008/01/28

Pakita Andueza lakuntzarra (arg. Guaixe.net)
Pakita Andueza lakuntzarra (arg. Guaixe.net)

PUBLIZITATEA

Mexikok, bertako jendeak eta kulturak maitemindu egin dute Pakita Andueza, mundua ezagutzeko gogoarekin Europa, America eta Asian ibili ostean herrialde honetan bizitzea erabaki zuen lakuntzarra. Gabonetako oporretan Euskal Herrian izan da eta Lakuntza sorterrian bere bizipenak eta esperientziak kontatu dizkio Guaixe herri aldizkariari.
Pakita Anduezaren bizitzan eragin handia izan du beti bere jakinminak eta mundua ezagutzeko gogoak. 'Zergatik etorri naiz mundu honetara? Zertarako?' bezalako galderak izan omen ditu beti buruan eta horien erantzuna aurkitu nahian bere sorterria utzi eta lehendabizi Bilbora joan zen. Han, Algortako etxe ondoko itsasoan lasaitasuna eta mundurako lehioa aurkitu zituen. Eta margolaritza. Baina ikasten jarraitu nahi eta Europa eta Estatu Batuetara hainbat bidaia egin zituen, azkenean Mexikora antropologia ikastera joatea erabaki zuen arte.

Mexikon izan zen lehenengo aldian Meridan bizi izan zen, Yucatan penintsulan. Bertako maia komunitatearekin hartuemanak izan zituen, euren hizkuntza ikasteko asmoarekin. Beste herri eta kulturak ere ezagutu nahi izan zituen gero, eta urtebetez Indian bizi izan zen, eta ondoren Nepalen. Baina azkenean gusturago non egon zen pentsatu eta duela hamar urte pasatxo Mexikora bueltatu eta hiriburuan bizitzea erabaki zuen.

Bizitza kultural oparoa Mexikon

Mexikon, Pakitak beste zaletasun bat landu du: poesia. 'Han jende gehiena diru aldetik oso txarto dago. Baina kultur mugimendu asko daude. Jende askok idazten du, denetarik, nobela, historia… Mugimendu pila daude eta denendako dago lekua. Baina, leku guztietan bezala, poesia gutxiago. Poema espezialagoa da', azaltzen du Pakitak.

[Goiko irudian Pakita eta Mirari Lakuntzan (argazkia Guaixe)]

Lakuntzarrak 2005ean argitaratu zuen bere lehen lana, 'Bihotzetik'. Izenburua euskaraz badu ere, bertan jasotako poemak gazteleraz idatzi zituen. Honela kontatzen du berak: esaten omen zioten, 'Zein izenburu jarri diozu? Hori zer da, Nauat? Eta esaten nien: Ez, euskara da. Nire hizkuntza. Desde el corazón esan nahi du', azaltzen du. Liburura aurreko urteetan eta bizitzan zehar idatzitakoak bildu zituen. Orain lan berri bat argitaratzeko bidean da eta bertan azken urteetan literatur lantegi batean, beste poeta mexikarrekin batera, landutako poemak jasoko ditu.

'10-12 biltzen gara. Bakoitzak bere lanaren kopiak eramaten ditu denen artean banatzeko. Bakoitzak berea irakurtzen du eta gainontzekoak kopia eskutan dutela iruditzen zaiena esaten dute: “Hori kendu, hura jarri, hala idatziko nuke”… Hobe lan egiteko, kritika eraikitzaileak egiten ditugu. Bukatzeko maistrak bere iritzia ematen du. Hala, olerkiari zaborra kentzen diogu, esan beharrekoa ateratzeko soilik', azaltzen du. 'Poesia oso barrutik ateratzen den zerbait da. Horregatik kasu eman behar zaio esaten dugunari. Gu ere biluzten garelako. Oso sakona delako. Horregatik liburu berrian agertzen den esaldi bat gustatzen zait hainbeste: Poesia ez da idazten duenarentzat, behar diuenarentzat baizik,'.


Lotura interesgarriak

Elkarrizketa osoa Guaixe herri aldizkarian
Lehen zatia
Bigarren zatia

20 urtetako poesia: Josu Landa idazle euskal mexikarra (gazt.)
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko urriaren 25ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia