Pehuajó, Argentina. Buenos Aires probintziako Pehuajó-ko ‘Martin Fierro’ Liburu Azoka bere 22. ediziora iritsi da aurten eta urtero bezala Etxe Alai Euskal Etxeak ‘baietz’ esan zion udalak luzatutako parte hartzeko gonbiteari. Elkarteko kideak euskal standa muntatu zuten azokako gunean urriaren 4, 5 eta 6an. Bertan, euskal kulturarekin lotura duten objektu, ikur. irudi eta liburuak jarri zituzten erakusgai, beti ere Euskal Herriaren ahalik eta irudi osoena emate aldera, adierazi diote EuskalKultura.com-i.
Etxe Alai-ko erreferente Elida Orozek buletin honi adierazi dionez, “hainbat bisitari hurbildu zitzaizkigun hiru egunetan azokako gure txokora: asko, euren abizenen esanahiaz galdetzera, beste batzuk interesatuta eta harrituta euskararekin… Gu guztiei plazer ematen saiatu ginen, kontsultei erantzunez eta arretaz errezibituz”.
“Aurten gainera euskal musika tresna tipikoak ere azokaratu ditugu; herrian Kontserbatorioa daukagu eta gure ametsa litzateke bertako ikasleek euskal tresnak ezagutu eta jotzen ikasten hastea, garai batean hemen bizirik euki genituen txistua bezalako instrumentuek bizi berria har dezaten euskal etxearen, eta bestela ere, gure artean”, adierazi digu Orozek.