euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Paddy Woodworth kazetari irlandarrak The Basque Country, Euskal Herriari buruzko kultur gida argitaratu du

2007/09/07

Paddy Woodworth kazetaria (argazkia Jon Aldalur)
Paddy Woodworth kazetaria (argazkia Jon Aldalur)

PUBLIZITATEA

Paddy Woodworth kazetari irlandarrak atzo Londonen aurkeztu zuen The Basque Country: A cultural history liburua. Euskal Herriko gizartea eta kultura barrena bidaia proposatzen du bertan 30 urtez The Irish Times egunkariko korrespontsala izan zenak. Liburua 'nik neuk garai haietan eduki nahi izango nukeen Euskal Herriaren gida da', dio egileak. Urte hauetan euskal gizartea ondo ezagutu ahal izan du irlandarrak eta irakurlea Euskal Herriko konpletasunetan zehar gidatzen du: gizarte moderno eta antzinakoa aldi berean, anitza eta plurala, bere esanetan.
Paddy Woodworth Euskal Herriaz 1975ean maitemindu omen zen, Bilbora ingelesezko klaseak ematen sos batzuk ateratzera etorri zenean. 'Karrera bukatu berria nuen eta ez nekien zer egin behar nuen nire bizitzarekin. Gainera urte batzuen buruan nazioarteko iraultza sozialista bat helduko zela ziur nengoen’, gogoratzen du 1951n Bray herrian jaiotako irlandarrak. Ezkertiar militantea izan eta Woordworthek euskaldunen hamaika topiko eta ETAri buruzko interes handia baino ez zuen ekarri.

30 urte geroago politika berriemaile gisa ibilbide luzea jorratu du Woodworthek, eta beste lanen artean Dirty Wars, Clean Hands. ETA, the GAL and the Spanish Democracy bezalako liburuak idatzi ditu ('Guda Zikinak, Esku Garbiak. ETA, GAL eta espainiar demokrazia’, Paul Preston historialariaren esanetan ‘Franco osteko 'Espainiar buruzko liburu garrantzitsuenetako bat). Atzera begira, Woodworth harro ageri da euskal gizartean egin zuen murgilketarekin. 'Une majikoak bizi izan ditut, Gernikako ostatu batean txistuaren soinuak esnatu ninduenekoa bezala, Txistua jotzea ia-ia debekatua zegoen garaietan. Abertzale asko ezagutu ditut eta abertzale ez direnak ere bai', adierazten du.

Irlandarren ikuspuntua

Woodworthen esanetan, liburu berri honek irakurleari politikak mediatizatutako Euskal Herrian beste gauzarik badagoela erakusteko aukera ematen dio. Batzuen esanetan, Woodworth-en ekarpena gizarte politizatuaren errealitateari muzin egin gabe Euskal Herriko gizartea, kultur aberastasuna, paisaiak, gastronomia, etnografía... azaltzean datza

‘Nire ustez irlandarren ekarpena, guk ikasi dugun gauza garrantzitsuena plurinazionalitatearen ideia da. 1998ko Ostiral Santuko Hitzarmenen oinarrietako bat horixe da: irlandarra izan zaitezke eta gaelikoa hitzegin; irlandarra izan eta gaelikorik hitzegin ez, edota britaniarra eta irlandarra sentitu aldi berean... Ian Paysleyk adibidez, bera ez dela irlandarra esango luke, baina norbaitek ‘ingelesa al zara? galdetuta ‘Eeez, ni irlandarra naiz’ esango luke, ziurrenik’, imajinatzen du umoretsu. [Ezkerreko irudian liburuaren azalean Frank Gehry arkitektoak Marques de Riscal ardandegientzako egin duen eraikin deigarria, puntako diseinua eta aspaldiko tradizioa]

Euskal Herriari buruzko gida, euskaldunentzako ere interesgarri

Atzerritarraren ikuspuntuagatik, euskal irakurleek ere liburuan zerbait interesgarria aurkitu dezaketela uste du egileak. 'Kanpoko irakurleei ikuspuntua eman nahi diet, baina euskal irakurleak ere izatea gustatuko litzaidake eta eurei ere kanpoko ikuspuntu hau ematea’, azaltzen du, liburua euskaraz eta gazteleraz ere argitaratzea pozik hartuko lukeela gehituz.

‘Liburua ez da ikerketa soziologikoa. Liburu arina da, dibertigarria, espero dut. Beste liburu ilunagoak idatzi ditu dagoeneko’, dio egileak. Bere lan horretan, lehen mailako gidariak izan ditu Woodworthek. ‘Ohorea izan da pertsona hauen eskutik euren mundua ezagutzea: Joiseba Zulaika antropologoak Lastur eta Oteiza museoa erakutsi dizkit, Atxagak bere sorterria, Asteasu; Juan Mari Beltranek eta Txomin Artolak musika eta kantua...’

[Goiko irudian Paddy Woodworthen argazki bat, bere web guneko galerian ikusgai dagoena. Egileak berak honela deskribatzen du: ‘dantzari gazteak Hernanin. Txinatar jatorriko neskatila bertan egoteak zera ekartzen du gogora: Euskal Herrian dagoen adopzio kopuru altua eta baita hartzen ari den komunitate inmigrantearen integrazioa euskal tradizioetan’ (argazkia Paddy Woodworth)]

‘Nire ustez Euskal Herriaren xarma modernitate eta tradizioaren arteko nahasketan datza. Baztanera joan eta antzinatiko mundu batean sartu zarela pentsa dezakezu batzuetan, eta nahiko gertu Guggenheim-a bezalako eraikina duzu. Asteasun adibidez, frontoia aurkitu ezinik ibili nintzen, batzuentzat frontoia baita euskal herrien esentzia. Buelta batzuk eman eta eraikin ultramoderno batekin egin nuen topo. Barrura sartu eta horixe zen frontoia! Hondarribin arrantzaleak daude oraindik, baina asko senegaldarrak dira orain eta agian euren seme-alabak euskaraz ikasten ari dira...’. Liburua, Woodworthen esanetan, euskaldunei buruz jakinmina duen edonorentzat abiapuntua baino ezta. ‘Liburu intimo bat da, pertsonala. Nire Euskal Herria da’. Signal exteak argitaratu du Irlandan eta Erresuma Batuan. Azaroan Estatu Batuetan argitaratuko du Oxford University Press-ek.


Lotura interesgarriak

Paddy Woodworth-en web gune pertsonala
www.paddywoodworth.com

'The Basque Country' erosteko
www.signalbooks.co.uk


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia