Paco Casteig eta Bego Illarramendi lagun batekin, Eva, eta honen alaba Carlota eta Nataliarekin jatetxeko kartel baten aurrean
Paco Casteig errenteriarrak eta haren emazte Bego Illarramendik jatetxe bat dute Mexikoko Queretaro herrian, "Los Sabores de Paco y Bego" izenekoa. Egunotan hiriko euskal komunitatea suspertu nahian dabiltza, eta horretarako euren lokala bilgune gisa eskaini dute. "Lehen Celayako Arrano Beltza elkartean biltzen ginen, baina Yon de Luisa laguna hil zenez geroztik ohitura galdu da", esan diote EuskalKultura.com-i. Queretararoko jatetxean hilean behin edo euskaldunak elkartzea pentsatu dute, "horrela lokal bat alokatu beharrik ez izateko".
Queretaro, Mexiko. Paco Casteig eta Bego Illarramendi ezagunak dira Queretaron, han "Los Sabores de Paco y Bego" izeneko jatetxea eta catering enpresa dute eta. Euskal eta espainiar sukaldaritza egiten dute, eta paellak egiten bereziki abilak dira. Hainbat txapelketa irabazi dituzte, eta paella erraldoiak egiten eskarmentu ederra dute. "Martxoan Queretaron La Charreada del Millón izeneko jaia egiten da eta 7.000 lagun inguru (eserita) biltzen dira", azaldu du Pacok. "Aurten 1.200 laguntzako paella egin genuen. Gure errekorra 600 kilo paella bi egunetan egitea da, 2008 urtean, Mexikoko Cava de Freyxenet-eko mahats-bilketan".
Aspaldion bikotea Queretaroko euskal komunitatea suspertzeko gogoz dabil; hirian euskaldunen ondorengoez gain, euskal enpresa asko dira eta. Lehen, inguruotako euskaldunak Celaya herriko Arrano Beltza txokoan biltzen ziren, baina Pacoren esanetan "Yon de Luisa laguna hil zenez geroztik amaitu dira hango Aberri Egunak".
[Yon de Luisa sortzez Donibane Lohizunen sortua zen, baina oso txikitandik --1937ko guda zela-eta-- Mexikora familiarekin iritsia. Bertan hazia, bere burua zinez euskaldun eta aldi berean zinez mexikarra jotzen zuen. 2012 urtean hil zen, Mexiko DF-n. Euskaltzale, euskaradun eta abertzalea, oso pertsona ezaguna zen Mexikoko euskal zirkuluetan. Mexiko DFko Euskal Etxeko kide izana, azken urteetan Celaya hirian bizi zen, El Bajio eskualdean. Enpresari ere bazen-eta lanbidez, azken urteotan Celayako Udalak udalerriko Garapen Ekonomikoko Zuzendari Nagusia izendatu zuen. Politikoki ideia abertzale sendoak zeuzkan eta bere bizitzan horiekin zintzo jokatzen saiatu zen, hainbat ekimenetan parte hartuz euskal egoerarekiko eta Euskadin zeudenekiko elkartasunez. Eusko Gudarosteko komandante izan zen Kandido Sasetaren iloba zen].
Pacok eta Begok hiriko euskaldunak hilean behin edo bildu nahi dituzte, eta horretarako euren jatetxea eskaini dute bildune gisa. "Hilean behin bildu gaitezke, ostiralean edo. Guk gure jatetxean egitea proposatzen dugu, horrela lokal bat alokatu beharrik ez izateko. Ez da oso handia, hogei bat lagun edo sartuko gara, baina Txoko bihur dezakegu hilean behin eta horrela Queretaroko euskaldunak batzen hasi. Ea lortzen dugun!", amaitu du.