Joseba Etxarri. Pablo Ubiernaren lanak CONICET edo Argentinako Ikerketa Zientifiko eta Teknikoen Kontseilu Nazionalean kokatzen du egunero, ertaroko ikasketa departamendu bateko buru baita haren baitan. Aurretik, formakuntzak eta ekinbide profesionalak atzerrian bizitzera eraman zuten hamar urte baina gehiagoz, Alemania, Frantzia eta Estatu Batuetara, besteak beste. Ondorioz, zenbait hizkuntza mintzo ditu, eta horietan argitaratu izan ditu liburuak zein artikulu mordoa, luzea bezain mamitsua baita bere ibilbide kurrikularra. Duela ia hamar urte itzuli zen jaiotiri duen Buenos Airesera eta gaur egun laketua bizi da bertan, eroso eta gustura lanean eta lanaz aparte garatzen dituen jardunetan.
-Etorri berria zara Mexikotik Pilota Mundu-Txapelketatik. Ikertzaile gisa kurrikulum akademiko luzea daukazu, baina zure erlazioa pilotarekin ez zaio atzean geratzen.
-Zinez engaiatua nago pilota bizkortu eta indartzearekin Argentinan. Pilota, izan ere, Argentinako euskal herentziaren berezitasunetakoi bat da. Harrigarria da ikustea, xarea edo trinketea bezalako euskal pilota formak, Euskal Herrian bertan hedatuenak ez zirenak eta eskualde jakin batzuetan baizik joatzen ez zirenak, XIX. mende hondarrean Argentinara etorrita, euskal immigranteek ekarriak, garapen itzela izan zutela hemen, joko herrikoi eta zabalduak bilakatuko direla. Hamarkada batzuk iraun zuen horrek, XX.mendeko 1920etan beheititzen hasi eta 1930rako ia osorik paleta argentinarrak haien ordea hartu arte; paleta argentinarra, gainera, beste euskaldun batek asmatutako jokoa izanik, Gabriel Martiren baigorriarrak. Denborarekin, Argentinan, pilotari izateak utzi egin zion euskaldunei lotutako zerbait izateari, eta euskalduna izatea pilotari batzuek zeukaten 'plus' bat izatera pasatu zen.
-Egunotan inprimategian den liburu baten egile zara, "Xarea, raketa argentinarra, Rio de la Platako euskal pilotaren historia bat" izango luke izena, gutxi gora behera, euskaraz.
-Kultur herentzia hori aipatzen dut hor, pilotak, argentinar askorentzat anonimo bihurtu eta bere arrasto euskalduna galtzen baitu. Izugarria da ikustea, esaterako, 1900. urteko argazkiak Montevideon, xarean ari diren 50 pilotari erakusten. Hau larruzko pilotaren ordez gomazko pilota sartu eta trinketean jokatzen den paleta argentinarraren sarrerarekin bukatuko da,
"XAREA, RIO DE LA PLATARI BEREZIKI LOTURIKO PILOTA MOTA DA"
-Nola joan zaio Argentinari Mexikoko Mundialean?
-Antolakuntza arazo handiak egon dira Mexikon, baina kirol jardunari eta emaitzei dagokienez, ni neu gustura etorri naiz oso. Xaren, bolada batean podiumetik kanpo egon ondoren, aurten igo ahal izan gara, ongi jokatu genuen. Finalerdian Kubaren kontra galdu genuen, desenpatean galduz gainera, eta aurretik Espainiari irabazi genion... Dena den jakitun naiz lan handia geratzen zaigula egiteke.
-Zein da xarearen eta esku-pilotaren egoera Argentinan?
-Ahalegin handia egiten ari gara xarean eta esku-huska. Ahalegin hau Argentinako Pilota Konfederazioaren babesarekin ari gara gauzatzen eta euskal etxeetan hasi dugu, FEVA partaide, garai batean herrialde osoan jokatu izan ziren eta gaur praktikatzen ez diren mota hauek suspertzearren. Datorren astean bertan, urriaren 10ean, Concordiara goaz, Entre Rios probintzian, pilota-eskola bat zabaltzera, eta segidan gauza bera egingo dugu Salton, Uruguain. Xarea, Rio de la Platako herrialdeei estu lotutako pilota-mota bat da, hemen erabat zabaldu eta errotua eta, bitxia da, hemendik atzera Euskal Herrira esportatu zena, aita betharramitekin --aita baionesak ere deituak, zeukaten euskal jatorriarengatik-- XX. mendean, aurretik jokatzen ez zen Euskal Herriko eskualde batzuetara iritsi baitzen Argentinatik, hala nola Gipuzkoara, Irurara, esaterako.
-Ze euskal etxetan jokatzen dute gaur egun xarean eta esku-huska?
-Esku huska Mendozan, Buenos Airesen, La Platan, Chascomús-en eta Paranán. Xarean, Buenos Airesko Laurak Bat eta Gure Echean, eta La Platan, Euzko Etxean.
"NIRE EUSKAL NORTASUNA NORTASUN BERRERAIKIA DA, BORONDATE IZAERA HANDIA DUENA, GUSTURA SENTITZEA"
-Zein da zure lokarria euskaltasunarekin?
-Nire bi amonak, ezagutu eta tratua izan nuen bakarrak, euskaldunak ziren. Bat Laudio eta Barakaldotik etorri zen, eta bestea baxenabartarra zen, garaztarra. Hamaika urte nituela, gurasoek eurekin eraman ninduten Europara egin zuten bidaia batean eta Euskal Herria ezagutu nuen, eta gustatu zitzaidan ni herrialde hartatik etorritakoa izatea. Gero euskara ikasten hasi nintzen Buenos Airesko Laurak Bat-en, Pedro Aranoarekin --askoren irakasle izan zen, arabarra-- eta 90etan Eusko Kultur Etxean, Eusketxen, parte hartu nuen, Niko Iguain Azurtzarekin, beasaindarra bera eta pertsona ikasi eta fina, hura zuzendari eta neu zuzendariorde. Oinarrian, gure helburua Eusketxen, euskaltasuna, euskal etxe baten inguruan ez zebilen edo derrigorrez inguru horretan ibili behar ez zuen jendearengana eramatea zen. Jende askoren oroimen etnikoa iratzarri nahi izan genuen eta uste dut balio izan zuela ordura arte abizen euskalduna baino ez zeukaten. edo euren jatorriaren nozio urruna baizik ez zuten jende batzuen artean.
-Ahaiderik ba al duzu Euskal Herrian?
-Nire bi amonen aldetik guztiak etorri ziren, ez zen ahaide zuzenik gelditu. Familia hemen hazi zen. Nire amonak eta beren anaia eta lehengusuak multzo handietan etorri ziren. Beste kasu askotan bezala Argentinan, nire euskal nortasuna nortasun berreraikia da, borondate izaera handia du. Erreskatatzen saiatzen zara eta gustura sentitzen, maiz gertatzen da immigranteen biloben artean.
"GURE AITON-AMONAK ABEGIKOR HARTU ZITUEN BUENOS AIRES DA HAU, IREKIA ETA KOSMOPOLITA DA"
-Nolakoa da Buenos Aires bizitzeko?
-Ederra. Eta ez diot bakarrik bizi-esperientziari dagokionez, alderdi profesionaletik ere baizik. Ni neu bizantinista naiz, lana egiten dut grekoz, arameoz, garai bizanziotarra dut ikergai, eta lana daukat eta oso gustura ari naiz lanean honetan. Europako herrialde batzuetan eta Estatu Batuetan bizi izan naiz eta esan dezaket, Buenos Aires ezagutu izan ditudan hiri interesgarrienetako bat dela. Dinamikoa eta kosmopolita da. Hemen posible da antzokira astean zazpi egunez joatea, hiru opera denboraldi ditugu...
-Krisiarekin, jende asko al dator kanpotik?
-Hiriak tinko eusten dio besoak zabaltzeko daukan ohitura eta tradizioari. Hemen badago lana. Tabernetan zerbitzari gehienak kolonbiarrak eta Latinamerikako beste zenbait herrialdetakoak dira. Gure aiton-amonak abegikor hartu zituen hiri bera da hau. Ezin duzu, ordea, prepotentziaz etorri. Jendea hartzeko kultura oso barnean daramagu. Guztiok hazi gara entzuten gure lagunen aiton-amonei bakoitzari bere hizkuntzan. Gizarte zabal eta dinamikoa da hau, bere burua osatzen eta egiten segitzen duena, eta hori bizitzari dagokionez elikagarria da zinez.
-Une honetan, leku batzuetan ikerketarako diruari egiten zaizkion mozketak gogoan ditugula, pozgarria da zeu bezalako lana egiten duen jendea normaltasunez ari dela lanean entzutea.
-Argentinak zientzilariak aberriratzeko programa eraginkorra dauka indarrean. Esaterako, ni zuzendari naizen departamenduan, sartu nintzenetik bikoiztu egin ditugu taldekideak, Eta utzidazu esaten, euskal gaiek hemengo inguru akademikoan daukan presentziaz, ekimen berri batekin ari garela, Etxepare Institutua ere partaide, ahalbidetzeko bekadun argentinarrak, gobernu argentinarraren bekekin ari direnak, aukera izan dezaten profesionalki euskal gaiak ikertzeko. Euskal etxe eta komunitateei kultur zabalkunde mailako lana utzita, ekimen honek nahi luke doktoretza prestatzen ari diren ikertzaileek euskal gaiko ikerketa lerroak hartzea eta beren lan profesionalean lehio hori zabaltzea, humanitateen eta zientzia sozialen alorrean. Lortzen badugu, euskal gaiei sarrera berriztatzaile bat ematea ekarriko du testuinguru argentinarrean, eta gainera erakunde argentinarren eskutik.