euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

P. Azcoiti diputatu nazionala Gernikaz eta Euskal Herriaz mintzatu zen Avellanedako polimodaleko ikasleekin

2007/06/08

Hizlariak (ezker-eskubi): Fernando Landaburu Avellanedako zinegotzi ohia; Pedro Azcoiti diputatua; Magdalena Mignaburu irakaslea eta Juan Dante Millán, AMET irakasle taldeko ordezkaria (argazkia DiaspVascArg)
Hizlariak (ezker-eskubi): Fernando Landaburu Avellanedako zinegotzi ohia; Pedro Azcoiti diputatua; Magdalena Mignaburu irakaslea eta Juan Dante Millán, AMET irakasle taldeko ordezkaria (argazkia DiaspVascArg)

PUBLIZITATEA

Diáspora Vasco Argentina elkarteak eta Avellanedako Hezkuntza Teknikoko Eskolak gonbidatuta, hitzaldia eskaini du Buenos Aires ondo-ondoko hiri honetan Pedro Azcoiti diputatu nazionalak. Giza Eskubideei buruzko sarrera bat egin ostean Azcoiti Gernikan 1937ko apirilaren 26ean gertatutakoari buruz mintzatu zen, bonbardaketaren eragina aztertuz. Hitzaldi ostean ikasle eta irakasleek Euskal Herriaren egoerari buruzko eztabaida egin zuten.
Maiatzaren 30ean Avellanedako Hezkuntza Teknikoko 3. Eskolak bertako ikasleei zuzenduriko mintzaldi zikloari ekin zion. Ziklo honetan gai desberdinak izango dira entzungai eta irekiera egunean Euskal Herriarekin zerikusi zuzena duen gai bati buruz jardun ziren: Gernikako bonbardaketa. Gertaera honen inguruan hitz egiteko Pedro Azcoiti diputatu nazionala gonbidatu zuten eskolak eta Diaspora Vasca Argentina elkarteak. Azcoiti bonbardaketaren 70. urteurrenean Argentinako Diputatuen Ganbarak irakurri zuten Adierazpenaren bultzatzailea izan zen.

Magdalena Mignaburu irakasleak ireki zuen mintzaldia, Euskal Herriko ezaugarri orokorrak azalduz eta Azcoiti diputatua aurkeztuz. Mignaburu eskolako irakaslea eta Gizarte Saileko burua da. Horrez gain, Diáspora Vasca Argentina elkartearen bultzatzailea ere bada. Elkarte honek Argentinako euskal komunitateari buruzko berriak eskaintzen ditu interneten.

'XX. mendeko inflexio puntua'

Diputatu nazionalak Giza Eskubideei buruz hitz eginez hasi zuen mintzaldia. Ondoren Gernikako bonbardaketaren inguruko gertaerak jorratu zituen, 70. urteurrenaren haritik. Argentinako Diputatuen Ganbaran irakurri zen adierazpenaren bultzatzaileak bonbardaketa hau 'XX. mendeko historian inflexio puntua' izan zela esan zuen, 'harrez gero giza eskubideen urratzea sistematikoa izan delako'. Azcoitia Francoren diktadurari erreparatu zion eta 70. hamarkadako argentinar diktadurarekin izan zitzakeen ezaugarri amankomunak aztertu zituen. [Ezkerreko irudian, mintzaldia parte hartu zuten adituak (argazkia DiaspVascArg)]

Mintzaldia bukatu ondoren Euskal Herriaren egoerari buruzko eztabaida egin zen eta eskolako ikasle eta irakasleek interes handia agertu zuten, biolentzia eta bake prozesuaren inguruko galderak eginez. Bertaratu zirenen artean Alicia Lizarraga, eskolako zuzendaria, eta Fernando Landaburu Avellanedako zinegotzi ohia egon ziren.


Lotura interesgarriak

Diáspora Vasca Argentina
www.diasporavascarg.com.ar

Azcoiti diputatuak bultzatutako Gernika gogoratzeko ekimena
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 16ean

Avellanedako Hezkuntza Teknikoko 3. Eskola
www.tecnica3wilde.com.ar


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia