euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Oxfordeko Unibertsitateko St Antony's Collegen ikertzaile bisitari izateko laguntzak onartu ditu Eusko Jaurlaritzak

2018/03/14

Oxfordeko Unibertsitatea
Oxfordeko Unibertsitatea

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, atzoko saioan onartu zuen 2018-19 ikasturtean Oxford-eko Unibertsitateko St Antony`s Collegen egonaldia egingo duten ikertzaile bisitarientzat diru-laguntza deitzen duen agindua. Aurtengoan 50.036 euroko kopurua duen dirulaguntza 2007an Hezkuntza Sailak eta Oxford-eko Unibertsitateak sinaturiko lankidetza hitzarmenaren emaitza da.

Vitoria-Gasteiz. jaurlaritzak zabaldu duenez, ikertzaile bisitariak ondorengo diziplina hauetan egin ahal izango du ikerketa-lana: Historia Modernoko Politika, Nazioarteko Harremanak, Ekonomia, Gizarte Zientziak, Antropologia eta Nazioarteko Zuzenbidea.

Diru-laguntza eta egonaldia ikasturte oso baterako (hiru hiruhileko) izango da, izangaiek hiruhileko bat edo biko egonaldi partzialak aukeratu ahal izango dituzten arren.

Laguntza hau eskuratzeko interesa duten ikertzaileek, doktore graduaren jabe izan beharko dute, eta horrez gain, lana egin ahal izateko eta unibertsitate-komunitatean bizitzeko adinako ingeles maila. Eskaera orriarekin batera, curriculum akademiko eta zientifikoa aurkeztu beharko dute, eta Oxford-eko Unibertsitateko St Antony´s College-an garatu nahi duten ikerketa proiektua ere bai, ingelesez idatziak bata zein bestea. 

St. Antony´s College

Oxford-eko Unibertsitateko St Antony’s College entzute handiko ikastetxea da Gizarte Zientzien arloan, diziplina arteko eskualdeko eta nazioarteko ikasketetan batez ere. Oxfordeko St Antony’s College Ikasketa Europarren Institutuan euskal gaietan espezialista den ikertzaile bisitari bat egotea lagungarri izango da Euskal Herria gero eta ezagunagoa izan dadin.

Oxford-eko Unibertsitatea europar ikasketekin interesaturik diharduten ikertzaileentzako elkargune eta laborategi intelektuala da. Zentro honetako ikertzaile edo “fellows” deritzenez gain, badira Europako sei herrialdetako Ikertzaile bisitariak ere. Horietako bat da “Basque Visiting Fellow”. Gainera, zentro honek nazioarteko zenbait proiektutan ere hartzen du parte, eta mintegi nahiz lan saioak ere antolatzen ditu, jorratzen dituen diziplinetako hainbat akademiko entzutetsu gonbidatuz.

Jaurlaritzak bere onespena eman ondoren, deialdia datozen egunetan emango du argitara EHAA buletin ofizialak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia