Forum Iberian Studies 2018, gaur eta bihar Oxford-eko Unibertsitatean, Kirmen Uribe eta Iker Arranz partaide
Gaur eta bihar, ekainaren 20 eta 21an, burutuko da Forum for Iberian Studies kongresua Oxfordeko Unibertsitatean. Bi urtero egiten den topaketa honek Iberiar Penintsulako hizkuntza eta kulturen ikasketak ditu ardatz. 50tik gora aditu bilduko dituen 18. edizio honetan Kirmen Uribe izango da hizlari nagusietako bat, antolaketan kolaboratzaile den Etxepare Euskal Institutuak ohar batean adierazi duenez.
Oxford, Ingalaterra. Forum for Iberian Studies-en aurtengo edizioak errealitatea eta fikzioa kontzeptuak, eta hauek, historian zehar, Iberiar Penintsulako ekoizpen kulturaletan duten errepresentazioa hartuko ditu ardatz. Batetik, kultur adierazpen edo adierazpen artistiko batek bizitza propioa hartu dezake eta errealitatea eta fikzioaren arteko izate bat bilaka daiteke: pertsonaia literario bat, kondaira bat, diskurtso historiko bat… Bestetik, errealitatea berrinterpreta daiteke buruan izaera politikoa, soziala edo kulturala duen helburu bat edukita. Horren adibide dira propaganda politikoa edota egia-oste fenomenoa.
Garai postmodernoaren ezaugarrietako bat da, hain zuzen ere, errealitatea benetako gertakizunak eta fikziozko elementuak elkartzen dituzten ikuspuntu eta interpretazioen batuketa dela. Aurtengo edizioak bien arteko harremanak aztertuko ditu.
Gaiari ikuspuntu zabal batetik heltzeko asmoz kongresuak diziplina anitzeko izaera edukiko du, eta garai historiko eta diziplina ezberdinetan adituak diren pertsonek hartuko dute parte, hala nola, literatura, pintura, komikia, zinema eta antzerkian.
Hizlari nagusien artean dago Kirmen Uribe idazle euskalduna. “Eta zuk, zer jakin nahi duzu honetaz guztiaz? Fikzioa, egiazkotasuna eta gardentasunaren poetika” du izenaemango duen hitzaldiak. Halaber, kongresuan, makina bat hitzaldi labur emango dira, Iker Arranzena horietako bat. Arranz Euskara eta Euskal Kultura irakurlea da Kaliforniako Unibertsitatean, Santa Barbaran.
-Hona programa (pdf)