euskal diaspora eta kultura
2009/11/23
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Iaz izandako arrakasta errepikatzeko asmoarekin, bihar aurkeztuko da Buenos Aires hiriburuko Euskal Echea Institutuaren egoitzan Argentinako Udako Euskal Unibertsitatearen 2010eko programa. Ikastaldia otsailaren 1etik 12ra izango da, goizez nahiz arratsaldez, eta Buenos Aires edo Argentina barne zein kanpoan bizi direnei dago zuzenduta. 'Ikasleen eta irakasleen arteko harremanak bultzatzea eta bide batez, urtean zehar ikasitakoa sakontzea da gure asmoa', azaldu dio EuskalKultura.com-i proiektuaren arduraduna den Enrique Aranburuk.
Ikastaroei dagokienez, sukaldaritzari buruzkoa izan ezik, besteak doakoak izango dira eta programa osoa gainditzeko idazlan bat egin beharko dute ikasleek, norberak aukeratutako gai baten gainean. Izena emateko epea urtarrilaren 26an bukatuko da (ikus www.euskalechea.org.ar webgunean, hor berean egin daiteke). Euskal Echea Institutuan ere egin ahal izango da inskripzioa: arratsaldeko ordu bietatik lauetara, abenduaren 10 arte.
2009ko edizioko ikasleak eta idazlanak
Biharko aurkezpenean, eta programaren aurkezpenarekin batera, iazko ikasleek egindako idazlanen berri emango da. Ikerlan guztiak liburu batera daude bilduta eta "oso material baliagarria da" euskal kultura zabaltzeko. Aranbururen esanetan "proiektu honen helburua partehartzaileek ikasitako guztia euren euskal etxeetan edo komunitateetan zabaltzea da". "Handia da euskal kulturarekiko dagoen jakinmina baina, aldi berean, ikasteko aukera gutxi daude. Horregatik hasi ginen ekimen honeki, pentsatuz Unibertsitateko proiektuak hutsune hori bete zezakeela”. Aurkezpena bihar asteartea, arratsaldeko 6:30etan Euskal Echea-ko Sarandi kaleko egoitzan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus