euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Otsailaren 19an beteko ditu 100 urte Arrecifesko Euskal Etxeak, eta ospatu eta urtebeteko programa bati ekingo dio

2022/02/03

Mendeurreneko ospakizuna hasteko, ekitaldi instituzionala egingo dute otsailaren 19an.
Mendeurreneko ospakizuna hasteko, ekitaldi instituzionala egingo dute otsailaren 19an.

PUBLIZITATEA

Arrecifes, Argentina. 2022 hasi berri honetan ospatuko ditu 100 urte Arrecifeseko “Euskaldunak Denak Bat” Euskal Etxeak. Bete ere, otsailaren 19an beteko ditu eta ospakizunak urte osoan zehar gauzatuko badira ere, urteurrenaren egunean bertan hasiko da ospatzen, ekitaldi instituzional batekin. Egun horretako programaren arabera, goizeko 10:30etan, hildako bazkideak oroituko dituzte herriko hilerrian, aurreskua dantzatuz.

Arratsaldeko 8etan, berriz, egoitzaren aurrean, erakundearen sortze-agiria irakurriko dute eta Laureano Villa Zabaleta lehendakariak hitz egingo du. Ondoren, gaur egungo dantzariek eta dantzari ohiek aurreskua dantzatuko dute, Maral taldeak zuzenean lagunduta. Herriko bi apaizak bedeinkatuko dute egoitza eta mendeurreneko plaka bat desestaliko da. Segidan, ohorezko ardoa eta opila partekatuko dituzte edalontzia altxatuz.

Haatik, ospakizunak urtean zehar luzatuko dira, betiere osasun baldintzek horretarako aukera ematen badute, Mariana Dominé Irigoyen zuzendaritza batzordeko kideak Euskalkultura.eus-i azaldu dionez. Apirilean, Gernikako bonbardaketa gogoratzeko, bertako artistek egindako mural bat inauguratuko dutela aurreratu du Dominék eta, besteak beste, maiatzean, Txistulariaren Egunaren ostean, danborrada eta erromeria egiteko asmoa dutela, gainerako euskal etxe guztiak propio gonbidatuz.

Urteak aurrera egin ahala adieraziko dira hitzordu eta xehetasun guztiak.

Zorionak Arrecifeseko euskal etxeko lagunei!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia