euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ostiralean hasiko da Euskal Herria Sona!, euskal musika urtero Bartzelonako kaleetara ekartzen duen jaialdia

2007/10/30

Euskal Herria Sona! 07 jaialdiaren afitxa
Euskal Herria Sona! 07 jaialdiaren afitxa

PUBLIZITATEA

Bartzelonako Euskal Etxeak ostiralean jarriko du abian Euskal Herria Sona! jaialdiaren edizio berri bat. Hilabete osoan, abenduaren 1a bitartean, Lantz, Joseba Irazoki, Jabier Muguruza eta Trikizio taldearen kontzertuek Bartzelonako kaleetara ekarriko dute euskal musika. Jaialdiak 10. edizioa beteko du aurten eta Jon Elordi Euskal Etxeko kideak EuskalKultura.com-i azaldu dionez ekitaldiak 'bere lekua du' eta hiriko kultur eskaintza zabal eta aldakorrean hainbeste denbora 'irauten duten bakanetakoa' da.
Euskal Etxeak ostiral honetan emango dio hasiera 10. Euskal Herria Sona! jaialdiari eta azaroan zehar euskal musikari eta artista ugari pasatuko dira Bartzelonako agertokietatik. Kontzertuez gain jaialdiaren egitarauan, afariak, trikipoteoa, dantza, kantu eta txalaparta tailerrak ere egingo dituzte, jendearen parte hartzea bultzatu eta jaia barrutik gozatu ahal izateko.

Izan ere jaialdia orain hamarkada bat jaio zen, Euskal Etxeak ateak kanpora zabaldu eta bere aktibitateak kalera atera nahi izan zituenean. 'Apustu handia izan zen hasieratik', gogoratzen du Jon Elordik, 'eta lehen edizioetan Centre Artesá Tradicionarius elkartearekin bildu eta folk estiloko jaialdi potente bat antolatu genuen'. Egun jaialdia sendotu egin da eta beste musika batzuetara ere zabaldu du eskaintza. Elordik ekitaldi arrakastatsuenen artean trikipoteoa aipatzen du, urtero urtero 200 pertsona inguru biltzen dituen 'ezinbesteko' hitzordua.

Lantz, Joseba Irazoki, Jabier Muguruza...

Aurtengo ekitaldiak ostiralean hasiko dira, Lantz taldeak Plaça del Rein emango duen kontzertuarekin. Lantz, euskal musikari ezagunek sortu duten talde berri bat da; taldekideen artean Alaitz Telletxea (Alaitz eta Maider) edo Mikel Errazkin (Sorotan Bele) daude. Kontzertua doan izango da eta iluntzeko zortzi t'erdietan hasiko da. Biharamunean, larunbatean, Joseba Irazokik bere hirugarren diskoa --'Gizona Txakur egin zen'-- aurkeztuko du Centre Cívic Convent de Sant Agustí aretoan. Igandean, berriz ere Centre Cívic Convent de Sant Agustí delakoan, euskal dantza tailerra emango du Aiko taldeak.

Azaroaren 16ean Jabier Muguruza musikariak hartuko du lekukoa, L'Auditori aretoan emango duen kontzertuarekin. Sarreraren prezioa 14 eurokoa izango da, 10 Euskal Etxeko bazkideentzat. Egun berean baina Sant Pere de Ribes-eko GER-en Trikizio talde gazteak bere 'erromeria' eskainiko du. Larunbatean ekitaldiak arratsaldeko lauetan hasiko dira, Gracia auzoko kaleetan barna egingo den Trikipoteo alaiarekin. Giroa biribiltzeko poteoaren ostean Trikiziok kontzertua eskainiko du Lluïsos de Gràcia-n. Sarreraren prezioa 4 euro, Euskal Etxeko kideentzat 2.

Nit basca eta kantu tailerrak

Azaroaren 23an ekitaldiak Euskal Etxe inguruan izango dira, Nit basca edo Euskal Gaua jaiarekin. Euskal Etxeko talde eta ikastaroetako ikasleak eta artistak euren ikuskizunak eskainiko dituzte elkarteko kide eta lagunen aurrean. Biharamunean, azaroaren 24ean, bi kantu tailer egingo dituzte, bata Baserri Tabernan eta bestea Euskal Etxean. Ondoren kantari guztiek ikasitakoa erakusteko aukera izango dute euskal elkartean egingo den Kantu Afarian.

Ostiralean, azaroaren 30ean, Pantxoa eta Peio kantariek euren azken diskoa, 'Lurra eta maitasuna', aurkeztuko dute, Centre Cívic Casa Elizalden egingo den doako kontzertuan. Azkenik, larunbatean txalaparta tailer batekin bukaera emango diote aurtengo Euskal Herria Sona! jaialdiari.


Lotura interesgarriak

Bartzelonako Euskal Etxea
www.euskaletxeak.org

Jaialdiaren egitaraua
www.euskaletxeak.org/ehsona


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia