euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Go!azen' musikaleko kantuekin hasiko da ostegunean Bartzelonako Euskal Etxearen Zinemaldia '09

2009/02/04

Helena Taberna zuzendariaren 'La Buena Nueva' filmea izango da ikusgai aurtengo Zinemaldian
Helena Taberna zuzendariaren 'La Buena Nueva' filmea izango da ikusgai aurtengo Zinemaldian

PUBLIZITATEA

Aurten ere Euskal Herrian edo euskaldunek eginiko zinemak erakuslehio ezinhobea izango du kataluniar hiriburuan, Bartzelonako Euskal Etxeak antolatu duen Zinemaldia jaialdiaren edizio berri batekin. Ohi bezala, nagusiek zein gaztetxoek izango dute zer ikusi: ostiralean bertan, haurrek eta neska-mutilek 'Go!azen' musikalaren kantuekin gozatu ahal izango dute, eta geroago nagusiek Helena Taberna zuzendariaren 'La Buena Nueva' filmearekin 36ko gudako gertakizunak gogora ekarri ahal izango dituzte. Tartean 'Oteiza Labirintoa' dokumentala, 'Nevando Voy' filma edo 'Danian Jai Alai', Floridako pilotariei buruzko lana izango dira ikusgai Euskal Etxean, besteak beste.

Bartzelona, Katalunia. Bartzelonako Euskal Etxeak beste behin ere urteroko euskal zinema jaialdia, Zinemaldia, antolatu du, kataluniarrei eta bertan bizi diren euskaldunei Euskal Herrian egiten den zinemari begiratu bat emateko aukera emanez. Jaialdia ostiral honetan bertan hasiko da, 'Go!azen' musikalarekin. Euskal Herrian egin den lehendabiziko film musikala da hau eta bertan gaztetxo talde baten abenturak kontatzen dira, 'Lau teilatu', 'Aitormena' edo 'Ilargia' bezalako kantuei jarraiki. Emanaldia 19:30tan izango da, Euskal Etxean, eta elkarteko gazteenak biltzeko aukera bikaina izango da.

Larunbatean, otsailaren 7an, 'El Somni' (Ametsa) dokumentala izango da ikusgai. Lan honek Joan 'Pipa' artzainaren istorioa dakarkigu, Kataluniako Pirineotan industrializazioak eta etxegintzak arrisku larrian jarri duten lanbide honi buruzko hausnarketa bat eginez. Filmearen zuzendaria, Christophe Farnarier, Euskal Etxean izango da bere lana aurkezteko, 19:30etatik aurrera.

Oteizaren labirintoa eta pilotariak

Hurrengo hitzordua otsailaren 11an izango da, 'Oteiza Labirintoa' dokumentalaren emanaldiarekin. Jarduera hau 'Oteiza 101' egitasmoaren barruan kokatzen da: 2009 urtean zehar euskal sortzaile handiari omenaldia egingo dio Euskal Etxeak. Emanaldia 19:30tan hasiko da, Euskal Etxean. Biharamunean, otsailaren 12an, Floridako pilotariek hartuko dute Euskal Etxeko pantaila, Eñaut Gantxegi zuzendariaren 'Danian Jai Alai' dokumentalarekin. Emanaldia 19.30tan hasiko da, Euskal Etxean.

Otsailaren 13an Euskal Etxera biltzen direnek 'Nevando voy' filma ikusi ahal izango dute, Maitena Muruzabal eta Candela Figueira zuzendarien lehen luzemetraia. Muruzabal nafarra da eta Figueira argentinarra, eta elkarrekin elurrerako kateak egiten dituzten langile batzuen bizipenak dakarzkigute lan honetan. Emanaldia, oraingoan ere, 19:30tan hasiko da, Euskal Etxean. Biharamunean Kimuak programako 2008 euskal laburmetraia onenak izango dira ikusgai, oraingo honetan aire zabalean baina: zehazki, Born Pasealekuan, 19:30tan.

Berri ona eta itxiera jaia

Otsailaren 20an, berriz ere Euskal Etxera bueltatuz, Helena Taberna zuzendariaren 'La Buena Nueva' (Berri ona) izango da ikusgai, 19:30tan. Unax Ugalde eta Barbara Goenaga dira filmeko protagonistak. Luzemetraiak Tabernaren osaba baten esperientzian oinarritutako fikzioa kontatzen du: apaiz gazte bat Altsasura bidaltzen dute 1936an eta elizak talde frankistekin bat egin eta fusilamenduak eta errepresioa babesten dituela ikusita apaiz izateari uko egin eta Argentinan erbesteratzea erabakitzen du.

Azkenik, eta Zinemaldia '09 honi bukaera bikaina emateko, itxiera jaia egingo da otsailaren 21ean Euskal Etxean, oraingoan 20:00tan hasita. Zinemaldiari buruzko informazio gehiago, Euskal Etxearen blogean,  hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia