Donostia-San Sebastián. Boiseko Oinkari euskal dantza taldea Euskal Herrian da astebete pasexe iraungo duen egonaldian eta gaur, bertako Goizaldikoekin batera, Konstituzio Plazan ikusi ahal izango dira dantzari, 20:00etan, San Juan bezperako ekitaldian. Ekaina bukatu artean eskainiko duten jendaurreko hiru saioetako bat izango da. Datorren asteartean, Gasteizko Plaza Barrian arituko dira, 18:30etan. Eta ostiralean, berriz, Galdakaon, bertako Andra Mari taldekoekin, Santi Brouard Plazan, 20:00etan.
Gogora dezagun Oinkari 1960ean Estatu Batuetan, Idahoko hiriburu Boisen sortutako euskal dantza taldea dela. Erakunde errotua dira Boiseko euskal komunitatearen baitan, eta NABO Ipar Amerikako Euskal Federazioko kide. Euren sorrera, euskal-boisetar lagun talde gazte batek Euskal Herrira bidaiatu eta izen hori zeukan dantza talde bat ezagutu ondoren gertatu zen eta Boisera itzulita, urte hartan bertan, Oinkari sortu eta Boisen klasikoa den Sheepherder's Ball ekitaldian egin zutenean lehenengo emanaldia.
Erreferentzi taldea AEBan
Instituzio bat dira Idahon, eta estatuaren ordezkari joan izan dira nazioan eta nazioartean antolatutako ekitaldietan. 63 urte hauetan, tarteka, Euskal Herrira itzuli izan dira, bertan emanaldiak eskainiz, eta harremanak izan dituzte bertako dantza taldeekin, bereziki Boisen bost urtero antolatzen den Jaialdi euskal festa erraldoira edo bestela hurreratu izan direnekin. Bidaia honetan, aipatu hiru emanaldi horiez gain, programa bete samarra daukate datorren asteko ostiralera arte. Hauxe:
-Ekainaren 23an, ostirala, iluntzean Donostiako Alde Zaharreko Konstituzio Plazan arituko dira San Juan bezperako ekitaldian, 20:00etan, Goizaldi taldearekin batera
-Ekainaren 24an, larunbata, Tolosan ibiliko dira, Bordon dantzaren lekuko izanez, bertako Udaberri taldearen eskutik
-Ekainaren 25ean, igandea, Iruñea eta bertan ikastaroa Ortzadar taldea lagun
-Ekainaren 26an, astelehena, Donibane Lohizunera aldatuko dira
-Ekainaren 27an, asteartea, Gasteiz, goizean harrera-ekitaldia egingo die Urkullu lehendakariak, eta arratsaldez emanaldia Plaza Barrian, 18:30etan
-Ekainaren 28an, asteazkena, azkar-azkar bada ere, Bizkaiko hainbat herri bisitatuko dituzte, Idahora emigratu zuten taldekideen arbasoak bertakoak baitziren
-Ekainaren 29an, osteguna, Lekeition pasatuko dute San Pedro Eguna, besteak beste Katxarranka bertatik bertara ikusiz
-Ekainaren 30ean, ostirala, Galdakaoraino helduko dira, bertako Andra Mari taldearen eskutik, emanaldia partekatuz Santi Brouard Plazan 20:00etan