Urtero bezala, euskal standa muntatuko du Juan de Garay Fundazioak Buenos Airesko Nazioarteko Liburu Azokan. Gaur bertan hasiko diren Azokako Prestakuntza Jardunaldietan elkarteko ordezkari batek ere hartu du parte. Standa, berriz, apirilaren 27tik maiatzaren 15era bisitatu ahal izango da Pabilioi Horiko 1900. zenbakian. Ekitaldi bat ere antolatuko dute Fundazioko arduradunek nobedadeak aurkezteko, maiatzaren 2an, arratsaldeko 6:30etan, Domingo Sarmiento Aretoan.
Buenos Aires, Argentina. Hego Amerikako kultur ekitaldi garrantzitsu eta handienetako bat da Buenos Aireseko Nazioarteko Liburu Azoka eta garrantzitsua da, beraz, bertan euskal presentzia bermatu eta gauzatu ahal iatea. Buenos Airesko Juan de Garay Euskal-Argentinar Fundazioak urteak daramatza ardura horri eusten eta aurten ere halaxe egingo du, modalitate ezberdinetan gainera.
Jardunaldiak
Azokako Batzordeak erakustaldiaren inguruan antolatzen dituen ekitaldien artean, argitaletxeei zuzendutako Prestakuntza Profesionalaren Jardunaldiak, gaur eta bihar izango dira eta Fundazioko argitalpen lanaren arduraduna den Javier Beramendik hartuko du parte elkartearen izenean. Jorge Beramendik EuskalKultura.com-i azaldu dio euren “asmoa argitaratze industrian dauden nobedadeak ezagutzea dela, Fundazioak egiten dituen argitaratze lanetan erabili ahal izateko, bai liburuetan bai urtero ateratzen ditugun hiru aldizkarietan”.
Standa eta liburuen aurkezpena
Liburu Azokaren 43. edizioa inauguratuta, euskal standa egunero bisitatu ahal izango da, ostegun honetatik hasita, arratsaldeko ordu 2etatik gaueko 10ak arte, astegunetan; asteburuetan eta jai egunetan, arratsaldeko ordu 1etatik gaueko 10ak arte. Standean Fundazioak argitaratutako eta kanpotik ekarritako hainbat euskal gairi buruzko liburu eta aldizkariak eskuratu ahal izango dira. Standa Pabilioi Horian egongo da, 1900. Zenbakian.
Euskal liburu berrien aurkezpena maiatzaren 2an izango. Ekitaldi honetan, 2016ko maiatzetik 2017ko apirileraino Fundazioak kaleratutako testuak aurkeztuko dira, tartean, Carlos Irisarriren Hiztegia Euskara Gaztelania – Gaztelania Euskara, Los Vascos en la Argentina 2016ko Urtekaria, Los Vascos aldizkariak, eta Carlos Heguyren Quo Vadis liburua. “Carlos Irisarriren hiztegiari buruz esan dezakegu bere berezitasuna dela erabiltzen duen gaztelania ez dela penintsulakoa baizik eta Rio de la Platako moldea”, azaldu digu Beramendik. “Los Vascos en la Argentina 2016ko Urtekarian, bestalde, 130 familia berriren historiak agertzen dira. Urtero egiten dugun bezala, azken hilabete hauetan gurekin kontaktatu diren familien historiak eta datuak gehitu dizkiogu gure Liburuari”.
Ekitaldia arratsaldeko 6:30etan izango da, Domingo Faustino Sarmiento aretoan, Fundazioko kide eta agintariak lagun, tartean, Mauricio Goyenechea idazkaria eta Diego Ibarbia lehendakariordea. Sara Pagola Euskadiren Argentina-Mercosur-eko ordezkariak lagunduko du Fundazioa zeremonia honetan.
Buenos Airesko Liburu Azoka hiriko Palermoko Nekazaritza Elkartean izango da, Sarmiento etorbideko 2704. zenbakian.
Facebook, Fva Juan de Garay