Nashville-ko (Tennessee, AEB) lehen euskal etxea izan litekeenak baditu, dagoeneko, zortzi kide; tartean, bi haur txiki. Lehen aldiz batu ziren ostegunean, hiriko kafetegi batean. “Ederra izan zen eta gogoa indartuta atera gara”, esan dio Nicole Wilbur-ek EuskalKultura.com-i. “Hasierako urratsa, Internet bidez jendea topatzea izango da”, gehitu du bozeramaile lanetan dabilen musikariak.
Nashville, AEB. “Oso pozik eta gogotsu gaude”, esan du Tom Fauce-rekin batera kluba sortzearen ideiarekin aurrera dabilen Wilbur-ek. Joan den ostegunean lehenengo aldiz batu ziren biak beste seirekin batera hiriko kafetegi batean, ostegunean. “Ederra izan zen!”, aitortu digu irribarre batekin.
Euren euskal iraganaz berba egiteaz gain, euskal elkarte bezala eman beharreko hurrengo pausoez hitz egin zuten: “Hasierako urratsa Internet bidez jendea guregana erakartzea izango da. Eta gero inguruan bizi daitezkeen euskaldunak bilatzen hastea”, azaldu du Wilbur-ek.
Zortzi dira orain arte batu direnak, Kirrily eta Bibi haurtxoak kontutan hartuta: Larrabetzutik (Bizkaia) heldutako Amaia Agirre musikaria; Seattle atzean lagata Nashville etxe bihurtu duten Amaya Michelena eta bere alaba Bibi; Los Angelesetik musikaren hirira lekualdatutako Tom Fauce, eta bere arreba Marti eta seme Vincent; eta, amaitzeko, Nicole Wilbur eta Kirrily alaba.
Nafarrak dira Michelenatarrak jatorriz, Arantzakoak hain zuzen. 1950. hamarkada bukaeran jaioterria Kaliforniagatik aldatu zuten Agustin eta Fidel, Amayaren aitak eta osabak. 70. hamarkadan Washington-era (AEB) joan ziren eta han jarraitzen dute lanean, 70 urteren bueltan ibili beharrean.
Faucetarren euskal lotunea ere Nafarroan dago, Tom eta Martiren amona, Pilar Iriarte, Iruñetik 45 kilometro ingurura dagoen Domeño kontzejukoa baitzen. Nicoleren birraitona, berriz, Bizkaiko Natxituan jaio zen. Jose White Horse Joe Yraguen bezala ezaguna Ameriketan, artzain lanetan aritu zen Oregonen. Bere maite Claudia Acordagoitiarengandik hamaika urtez urrun egon ostean, dirua bilduta, Ameriketarako pasea erosteko adina diru batu ahal izan zion. Hauen semea, Epifanio Yraguen, Vale herrian (Oregon) jaio eta bizi izan zen. Bertakoa da Nicole bera ere.
Astiro hazten
Bi hilabete joan dira NABOren Astero astekariak Nicole Yraguen Wilbur eta Tom Fauce Tennessee-ko (AEB) lehenbiziko euskal elkartea sortze nahian zebiltzala aipatu zutenetik. “Emaila bidali zutenetik hemen euskaldun gehiago gaudela jakin dugu. AEB hegoaldeko beste zenbait estatutik ere idatzi digute, Euskal Etxeren bila dabiltza hainbat, Georgia bezalako lekuetan”, esan du Yraguenek.
Ontarioko Euskal Etxeko garaiak botatzen zituen faltan Nicolek: “Nashville-ra 1998an etorri nintzen, unibertsitateagatik, eta faltan botatzen nuen euskal etxea”. Aspaldi zebilkion buruan euskaldunak batzearen ideia. “Musikaria naiz, baina tabernari lez ere aritu izan naiz eta bezeroren batek euskal abizena izatekotan pentsatu egiten nuen, ‘hara, euskalduna da hori!’”.
Euskal etxea sortzeko gogoarekin, Tom Fauce-ri Boiseko (Idaho) Jaialdira joan behar zutela esan zion. Gutxi zekien Faucek horren inguruan baina bertara joanik “ilusio handiarekin itzuli zen”.
AEBetako 2000. urteko erroldaren arabera, Tennessee-n 145 lagunek zeukaten orduan beren burua euskalduntzat eta Yraguenek uste du geroztik gehiago izango direla, eta sare bat sortu nahiko luke: “Ilusio handia ematen digu, zerbait sortzeko irrikitan gaude”. Dagoeneko eman dituzte Tennesseeko aurreneko Euskal Etxea martxan jartzeko lehen puntadak.
- Tennessee inguruan bizi zaren euskalduna bazara edo bertan lagunik baldin baduzu, emaila idatzi egiozu Nicoleri: musiccitybasques@gmail.com.