Proposamen eta planez josita dator aurten ere Erromako Settimana Basca, hiriko euskal elkarteek urtero urtero antolatzen duten Euskal Astea, alegia. Aurtengoa ostegunean hasiko da, Asier Gogortza sortzailearen erakusketa batekin. Ondoren, eta abenduaren 11 bitartean, zer egin eta zer ikusi frango izango da Erroman: Errebal taldearen emanaldia, Mariasun Landa idazlearen liburua aurkezpena, "Amama" filma... Egitarau osoa, jarraian.
Erroma, Italia. Abenduko hotzetik ihes egin eta euskal kulturaren inguruan berotzeko aukera emango du aruten ere Erromako Settimana Basca edo Euskal Asteak. Erromako hiru elkarte dire kultur astearen antolatzaileak: Associazione Culturale Euskara euskal etxea, Roma3 unibertsitateko Dipartimento de Lingua e Cultura Basca eta LIBE Edizioni online argitaletxea.
Ekitaldiak ostegunean abiatuko dira, Asier Gogortza euskal sortzailearen erakusketa batekin. Erakusketak "Muga" izenburua du eta Nuovo Cinema Pallazon izango da ikusgai, abenduaren 11 arte. Inaugurazioa 19:00tan egingo da.
Ostegunean ere, baina Bologna hiriko unibertsitatean, Mariasun Landa idazleak eta Roberta Grozzi itzultzaileak "La fata e il desiderio" liburua aurkeztuko dute. Ostiralean, abenduaren 2an, bigarren aurkezpen bat egingo dute Erromako Universitá Roma Tré-n.
Larunbatean, abenduaren 3an, Asier Gogortza sortzaileak "Instanzine" izeneko sormen laborategi bat zuzenduko du, Forte Prenentino gunean, goizeko hamaiketatik aurrera.
Asteazkenean, abenduaren 7an, Euskal Gaualdia egingo da. Hasteko, Euskanta 2016 egitasmoko kantak aurkeztuko dira, eta ondoren, euskal dantza eta musikarako tartea egongo da, Errebal taldearen dantzaldi eta erromeariarekin.
Ostegunean, abenduaren 8an, Mursego kantariak kontzertua emango du Hula Hoop Club-en, 22.00tan. Hurrengo egunean, abenduaren 9an, "Amama" filmaren emanaldia egingo da Detour zineklubean (20:00tan aperitifa eta 21:00etan, emanaldia).
Informazio gehiago Associazione Culturale Euskara euskal etxearen webgunean: www.euskara.it.