euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ostegunean bukatuko da Eusko Ikaskuntzako zuzendari-kudeatzaile postura aurkeztu ahal izateko epea

2010/05/17

Eusko Ikaskuntzako orain arteko zuzendari-kudeatzailea, Josemari Velez de Mendizabal (argazkia Argia.com)
Eusko Ikaskuntzako orain arteko zuzendari-kudeatzailea, Josemari Velez de Mendizabal (argazkia Argia.com)

PUBLIZITATEA

Josemari Velez de Mendizabal aurretiko erretiro erregimenera pasa denez geroz erakundeko zuzendari/kudeatzaile kargua betetzeko prozesua abian ipini zuen Eusko Ikaskuntzak eta datorren ostegunean, maiatzaren 20ean, bukatuko da hain zuzen hautagaitzak aurkezteko epea. Hautagaiek goi mailako unibertsitate titulua izan beharko dute, eskarmentua antzeko karguetan bereziki kultura munduan, antolaketa gaitasuna eta euskara zein gaztelania menperatu, frantsesa oso kontutan hartuko delarik, ingelesarekin batera. Hautatzeko prozesu publikoa enpresa espezializatu baten laguntzaz ari da burutzen, Eusko Ikaskuntzako Batzorde Eragilearen Ordezko Batzorde baten zuzendaritzapean.

Donostia-San Sebastian. Eusko Ikaskuntzako webgunetik hartuta, hona erakunde euskaltzale horretako zuzendari/kudeatzaile kargua betetzeko prozesuaren xehetasunetako batzuk:

Eusko Ikaskuntzako Batzorde Eragileak joan den apirilaren 16an egindako bileran erabakitakoaren arabera, Zuzendari/kudeatzaile kargua hartuko duen pertsona hautatzeko prozesua abiatu dela, gaurdaino kargu horretan izan den pertsona, Josemari Velez de Mendizabal, auretiko erretiro erregimenera pasa denez geroz.

Hautatzeko prozesu publikoa enpresa espezializatu baten laguntzaz burutuko da, Batzorde Eragilearen Ordezko Batzorde baten zuzendaritzapean.

Zuzendari/Kudeatzaile karguaren funtzioak:

  • Erakundearen estrategia eta antolaketa kudeatzea izango du eginkizun nagusia, irizpideak, prozesuak eta prozedurak bateratuz edota aldatuz.
  • Plan Estrategikoaren helburuak lortu, garatu eta betetzearen erantzukizuna hartuko du bere gain.
  • Eusko Ikaskuntzako Lehendakaritzarekin eta zuzendaritza organoekin lankidetza estuan jardungo du.

Karguaren eskaera egiteko oinarrizko baldintzak ondokoak dira:

  • Goi mailako Unibertsitate Titulua
  • Esperientzia izatea kudeaketa erantzukizuneko karguetan, bereziki kultura munduko Elkarteetan edota Fundazioetan, eta administrazioan lan egiteko gaitasunak.
  • Antolaketa eta zuzendaritza gaitasunak Proiektuetan, baita pertsonengan oinarrituriko kudeaketa ereduetan ere.
  • Euskara eta gaztelania ongi jakitea.

Aintzat hartuko da:

  • Hizkuntzak: Frantsesa balioetsiko da guztiz era berezian. Ingelesa ere balioetsiko da.
  • Errendimendu handiko talde dinamiketan esperientzia izatea.

Eskaintzen da: berehala lanean hastea eta karguaren mailaren eta hautatuaren profilaren araberako lansaria.

Interesa dutenek beren kandidatura Eusko Ikaskuntzaren bulegoetara helarazi beharko dute, Miramar Jauregia, Miraconcha Pasealekua 48, 2007 Donostia, gutun azal itxian eta igorlearen izen-helbiderik gabe, azalean “Zuzendari/kudeatzailea” jarriz, 2010eko maiatzaren 20ko 12:00ak baino lehen.

-Informazioa Eusko Ikaskuntzaren webgunean



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia