Arabako Otazun tailerra duen Jose Antonio Martinez Osses Euskal Herriko albokagilerik garrantzitsuenetako bat da. Bere lanak eragin handia izan du euskal musika tradizionalaren munduan ez bakarrik desagertzear zeuden musika tresnak berreskuratu dituelako, albokagintzan sartu dituen berrikuntzengatik eta euren emaitzengatik baizik. Osses Argentinako zenbait euskal etxe bisitatuko ditu bertako musikariak ezagutu eta mintegiak eskaintzeko asmoarekin. Zure euskal etxean tailerra edo mintegi bat antolatu nahi baduzu, aski duzu kontaktatzea.
Buenos Aires, Argentina. Bere lehen aldia izango du Argentinan, bidaiaren helburuak bi izanik: batetik, herrialdea bera eta bertako kultura ezagutzea, Atlantikoaren alde honetan diharduten euskal musikariekin harremanak sakonduz eta euskal etxeen giroaz gozatuz; eta bestetik, albokagintzari buruzko klase eta mintegiak eskaintzea.
Albokaren historia eta fabrikazioa aipatzerakoan, Euskal Herriko kulturari buruz ere hitz egingo du Osses-ek, musikaren ikuspuntutik. Eskolen baitan, albokaren garapenaz, afinazioaz eta ‘fita’(pita) berriez mintzatuko da Otazun bizi den musikaria.
Gogora dezagun Osses-ek partaidetza garrantzitsua izan zuela alboka berreskuratze prozesuan, 90. hamarkadan musikari zaharrak --tartean Leon Bilbao eta Silbestre Elezkano ‘Txilibrin’-- hil zirenean. Osses-ek sortutako berrikuntza handiena albokak daramatzan pitak dira; izan ere, zuntza plastikoa erabiliz egonkortasun handiagoa eman dio tresnari eta ondorioz askoz errazagoa da afinatzea.
“Horretaz gain, alboka tradizionalek ez zuten afinazio bateraturik; normalean jolearen eskuen neurrira egiten ziren eta horregatik soinu ezberdinak zituzten guztiek”, azaldu dio EuskalKultura.com-i Mauro Telletxea albokagile argentinarrak. “Hori kontuan izanik, Osses-ek eta Ibon Koteron-ek tamaina diferentetako albokak diseinatu dituzte, hodi luzeagoekin, eskala zabalagoak lortzeko. Metodo honekin albokotea (Re-n dagoen alboka) eta sol-sol alboka asmatu dituzte”.
Hilabete osoa pasatuko du Osses-ek Argentinan eta bisitatuko dituen euskal etxeen artean Buenos Airesko Euskaltzaleak aipa daiteke, bertan mintegi bat eskainiko baitu luthierrak. Berarekin kontaktatu eta mintegiren bat antolatzeko interesa izan dezaketen euskal etxeek Telletxea-rekin kontaktatzea baino ez dute, datak eta baldintzak adosteko.
Albokaren fabrikazioari buruzko bideoa, hemen.