euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ospatuko duzue San Juan zure euskal etxean? Homedaleko EEaren 'San Juan Eguna Basque Festival'erako gonbitea

2023/06/06

PUBLIZITATEA

Homedale, Idaho, AEB. Hiru aste baino gutxiago falta dira San Juan Egunerako, Euskal Herrian eta baita bere diasporan zehar ere ospatuenetakoa den jaietako bat. Atzerabegiratua eman diogu EuskalKultura.eus-en azken 22 urteotan munduko euskal etxe eta komunitateetan ospatutako San Juan festei, eta hitzordu eta deialdi andana bat atera zaigu, gehienetan suaren inguruan antolatutako festak, dantza ere tarteko, eta sarritan panpinak errez, paper eta gauza zaharrak surtara jaurtirik eta baita sorgin gauak antolatuz ere solstizioa agurtu eta amalurrari eta sasoi berriari ongietorria emanik.


Caracaseko Eusko Etxekoek San Juan sua eta pintxopotea antolatu dute euren egoitzan ekainaren 24an. Datozen egunotan joango dira argitaratzen euskal etxeen San Juan deialdien banner eta deialdi gehienak.

Bere deialdia duela denbora egina duen euskal etxe bat, eta azken urteotan San Juan Eguna bere jai nagusitzat edo nagusienetakotzat hartua duen euskal elkarte bat, Estatu Batuetako Idahon, Homedaleko Txoko Ona Euskal Etxea da, ingelesez ere izentzat 'San Juan Eguna Basque Festival' hartzen duen festa medio. Are gehiago, Txoko Onakoek, jaia iritsi baino aste batzuk lehenago, euskal dantza saioak antolaten dituzte, euskaldunei eta ez-euskaldunei zuzenduak, ondoren, festaren egunean, gauza izan daitezen erabat integratu eta eguna tradizioari jarraituz ospatzeko.

San Juan, euskal etxe askok ospatzen duten jaia, suari, solstizioari eta aro berri bat hasteari lotua

Gogora dezagun San Juan sua berez San Juan egunaren bezperan ospatu ohi dela, ekainaren 23tik 24ra doan gauan, eta aurten ostiral gaua dela. Urtaro aldaketa eta solstizioa iragartzen ditu, udaberritik udakoa Euskal Herrian eta ipar hemisferioan; eta udazkenetik negurakoa hego hemisferioan. Diasporan ospatzen den eguna alda daiteke eta, aurten esaterako, izango dira ostiral gauean bertan ospatuko dutenak, edo larunbat gauera pasatuko dutenak, eta baita geroago egingo dutenak ere.

Diasporako San Juan euskal ospakizunetako asko Argentina eta Uruguairi dagozkie. Jai ospetsuak dira, edo kasu batzuetan historikoki izan dira, Necocheako Euzko Etxean, Viedma eta Patagoneseko Aberri Etxean, Cañuelaseko Denak Baten, Chivilcoyko Beti Aurreran edo, esaterako, duela gutxi arte Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxean, azken honetan Sorgin Afaria ere tarteko. Baita leku gehiagotan ere, Macachingo Euzko Alkartasunean, Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak-en, General Las Heraseko Zazpirak Baten, Trelew-ko Haraneko Euskal Etxean, Pergaminoko Lagun Onak-en, Olavarriako Gure Euskal Etxe Maitean edo, Montevideon bertan, Haize Hegoa Euskal Etxea antolatzaile.

Ospatzen duten euskal etxe eta herrialdeen artean, Argentina, Uruguai, Mexiko, Venezuela, Peru, Australia, Estatu Batuak...

Baina baita ere Saladilloko Itxaropen-en, Posadasko Euskal Jatorri-n, Tandilgo Gure Etxean, Chacabucoko Guillermo Larregui-n, General Rocako Gure Etxean, San Juango Eusko Etxean edo egun atsedenean diren Suipachako Gure Txokoan, Resistencia-El Chacoko Kotoiaren Lurran eta Castelliko Oneratu-n. Comodoro Rivadaviako Euskal Etxeak, konparazio, hiriko beste gizatalde batzuekin batera ospatzen du, eta gauza bera egin ohi dute, urteen arabera, Bolivar, Rosario eta Mendozako Nafar Etxeek.

Festa sanjuandarrak —santuak San Joan, Donibane, Doniene eta izen gehiago ere hartzen ditu Euskal Herrian barrena, baina Euskaltzaindik San Juan hobetsia du— Venezuelan ere badu nork ospatua, eta halaxe egin izan dute Caracas eta Naguanagua-Caraboboko Eusko Etxeetan, Mexikon Mexikoko Euskal Etxean edota momenturen batean Estatu Batuetako Elkokoan, Udaleku garaian, edo Rhode Island-en, bertako New England Basque Club-en eskutik, baina baita ere Valladolid, Madril eta Bartzelonako euskal etxeetan, edo Sydneyko Gure Txokon. Urteren batean Erroman, Asociazione Culturale Euskara tarteko. Eta azkenetako bat San Juan ospatu eta ohituraren berri zabaldu nahi izan duena, Trujilloko Euskal Etxea, Perun.

Emaguzu zure euskal etxeko San Juan festen berri

San Juanerako oraindik bi aste luze falta direla, egun hauetan hasiko dira ateratzen euskal etxeen aurtengo banner eta deialdiak. Bestalde, agian norbaitek lerro hauek irakurri eta pentsa dezake garaiz dabilela bere EEan zerbait antolatzeko. Zeure euskal etxea hemen aipatua ikusi ez baduzu eta San Juan ospatzen baduzue, pasa mesedez informazioa info@euskalkultura.eus helbidera idatziz,

Eta San Juango zortziko xaharrak dioenez, Gora San Juan beti eta beti!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia