euskal diaspora eta kultura
2014/07/24
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Diasporako hainbat euskal etxetan prest daude San Inazio eguneko ospakizunak. Uztailaren 31 aurten aste eguna denez, batzuk aurreratu egingo dute, horien artean, esaterako, Boiseko Euskal Etxeak, Estatu Batuetan. Ospe handia du Idahon Boiseko festak eta aurtengoa bihar bertan abiatuko da. Jai egitaraua, Euzkaldunak euskal etxearen webgunean.
Buenos Aires-en, Argentinan, Laurak Bat elkarteak ere ekitaldi ugari prestatu ditu datorren asterako. Jarduerak ostegunean, uztailaren 3an hasiko dira, San Inazio mezarekin. Larunbatean Lagun Onak abesbatzaren urtekoko kontzertua egingo da, Miguel Pesceren zuzendaritzapean eta igandean euskal taberna eta elkarteko dantza taldearen erakustaldia izango dira. Informazio gehiago, Laurak Bat-en Facebook orrian.
Hator Hona eta San Inazio Necochean
Argentinatik atera gabe, Necocheako Euskal Etxean urteko hilabete bizienetakoa izan ohi da hau, San Inazioren ohoreko egitarauarekin, hainbat jarduera tartean: uztailaren 18az geroztik bertan dira Hator Hona kultur trukeko EHko gazteak, gastronomia, dantza, txistu eta euskara lantegiak ematen. Eta orain, gainean dute San Inazio eguneko festa handia.
Larunbatean hasiko dira ekitaldiak, Silvia Iriondo kantariaren kontzertu batekin eta datorren ostegunean, uztailaren 31n, egingo da egun handia: diana (Alegre Despertar), meza, txikiteoa eta pilota partidak.
Abuztuaren 1ean zine emanaldia izango da, "Gazta zati bat" dokumentalarekin, eta abuztuaren 2an erromeria eta dantza elkartearen egoitzan. Informazio gehiago Necocheako Euskal Etxearen Facebook orrian.
Kultur Astea eta gehiago Txilen
Txilen ere jarduera ugari antolatu ditu "Colectividad Vasca de
Chile" elkarteak, euskal baserriari eskainitako kultur aste batekin. Ekitaldiak uztailaren 29an hasiko dira, baserriei buruzko erakusketa batekin. Uztailaren 30ean Abesbatzen 2. Topaketa, 31n hitzaldi bat eta abuztuaren 14an, ostiralean "El caserio perdido" dokumentala. Larunbatean, pilota partidak eta zarzuela emanaldia, eta amaiteko, igandean, abuztuaren 3an, San Inazio meza eta bazkaria. Informazio gehiago Facebooken: Colectividad Vasca de Chile.
Horrez gain, Santiagoko Euzko Etxeak ere abuztuaren 3an ospatuko du festa, kirola, kultura eta gastronomia uztartuz. Valparaison bertako Eusko Etxeak ere egun hori aukeratu du San Inazio ospatzeko: egitarauan, meza, bazkaria eta dantza erakustaldiak. Informazio gehiago Valparaisoko Euskal Etxearen Facebookean.
Asuncion, Arrecifes...
Festak tradizio handia du ere Paraguaiko Asunciongo Jasone Etxea elkartean. Hiriburu horretan euskaldunak uztailaren 31ean bilduko dira, meza eta zintzur bustitze batekin eguna ospatzeko.
Argentinara itzuliz, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat izango da festa beranduen egingo duena. Abuztuaren 10erako iragarri dituzte ekitaldiak. Baina datorren asteburuaren eta abuztuko daten artean beste makina bat euskal etxe eta komunitatek ospatuko dute Loiolako santuaren eguna, Gipuzkoako eta Bizkaiko patroi zaindaria den ezkero, bigarren kasuan Berriotxoako San Balendinekin batera.
Laburbilduz, albiste hau idazten amaitzeko momentura arte San Inazio ospatzeko hitzorduen berriak iritsi zaizkigu, besteak beste Estatu Batuetako Boise, Miami eta New Yorketik; Kataluniako Bartzelona eta Saloutik; Espainiako Madrildik; Paraguaiko Asunciondik; Uruguaiko Montevideotik; Argentinako Buenos Aires, Necochea, Comodoro Rivadavia, Arrecifes, Rosario, Corpus Christi, Villa María, General Las Heras, Laprida, Chascomús... Mexikoko Mexiko Hiritik...
Badaude beste asko gehiago, Beste hitzorduren baten berri baduzu, bidal iezaguzu info@euskalkultura.com e-mailera.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus