euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ospa talde euskal-amerikarrak euskal musikaz beteko du Buffalo, "Worlds of Music" jaialdian

2016/11/09

David Romtved eta bere taldeko kideak Worlds of Music jaialdiaren barruan CDa grabatzen (argazkia David Lange Studios Facebook)
David Romtved eta bere taldeko kideak Worlds of Music jaialdiaren barruan CDa grabatzen (argazkia David Lange Studios Facebook)

PUBLIZITATEA

Wyomingo Worlds of Music jaialdiak euskal immigranteei omenaldia egingo die, euren musikaren bitartez. Ospa taldea da aurtengo jaialdiko gonbidatua, David Romtvedt soinujole eta Wyomingo euskal dantza taldeen musikaria buru. Jaialdia bihar bertan hasiko da eta kontzertuez gain musika lantegiak ere egingo dira. Bertan jasotzen den dirua datorren urteko uztailean bertan egingo den NABO Euskal Jaialdia antolatzeko baliatuko da.

Buffalo, AEB. Wyomingo "Worlds of Music" jaialdiak euskal musika izango du protagonista bihartik aurrera, estatu honetako euskal inmigranteei eta euren kulturari omenaldia eginez. Jaialdiak Ospa taldea gonbidatu du, eta datozen egunetan David Romtvedt musikariak eta bere taldeak zenbait emanaldi egingo dituzte Buffalo herrian.

Romtvedt ez da euskal jatorriduna, baina bere burua euskaldundu egin du, musikaz baina baita hizkuntzaz ere. Romtvedt euskal komunitateko kide aktiboa da, oinarrizko euskara irakasle bilakatzen ari da eta Buffalon trikitixarekin laguntzen ditu inguruetako euskal dantza taldeen emanaldiak. 

Jaialdia bihar hasiko da, Osparen kontzertu batekin eta Wyomingo euskal immigranteei buruzko hitzaldi batekin (Buffalo Senior Center, 12:45).

Ostiralean taldeak musika jarriko du Buffalo American Legion Hall aretoan egingo de afari batean (18:00tatik aurrera). Euskal estiloko menua izango du afariak, Big Horn Basque Club euskal etxeak prestatuta. Afarian biltzen den dirua NABOk 2017ko uztailean Buffalon egingo duen Euskal Jaialdian laguntzeko izango da. 

Larunbatean taldeak euskal musika tresna lantegi bat emango du Bomber Mountain Civic Center-en, 10:30tan hasita. Lantegia euskal musikari buruz jakinmina duen edonori irekia da eta euskal instrumentuak eta tresna tradizionalak jotzeko aukera egongo da: alboka, trikitixa, panderoa eta horiekin batera baita viola, saxofoia, pianoa edo perkutsioa ere. Euskal abestiak abestuko dira, eta kantariak ere ongi etorriak dira.

Jaialdia larunbatean amaituko da, Cowboy Carousel Center-en egingo den dantzaldi  batekin, oraingoan ere Ospa taldearekin (20:00tatik aurrera).

Bideoan, David eta Caitlin Romtved-ek aurtengo Washington-ko Smithsonian Folklife Festival-en eman zuten kontzertua: 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia