euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Oso pozik agertu dira Bordeleko Eskualdunen Biltzarreko kideak elkartearen 60. urteurreneko bestaren arrakastaz

2007/10/23

Bestalariak korala Eskualdunen Biltzarreko talde aktiboenetako bat da
Bestalariak korala Eskualdunen Biltzarreko talde aktiboenetako bat da

PUBLIZITATEA

Bordeleko Eskualdunen Biltzarra elkarteak bazkide, lagun eta kolaboratzaile andana polita bildu zuen bere 60. urteurrenaren bestara. Euskal Etxea oso pozik agertu da ospakizunen emaitzarekin eta David Mujika bazkideak EuskalKultura.com-i azaldu dionez ekitaldi gehienak jendez gainezka ibili ziren. Ia berrehun pertsona bildu ziren Maison Basque-n eginiko urteurren afarira eta Mixel Etxekopar, François Rossé eta Bilika taldearen emanaldira sartu ezinik gelditu zen jendea.
Eskualdunen Biltzarra Euskal Etxeak giro ederrean ospatu zuen bere 60. urteurrena joan den urriaren 12, 13 eta 14ean. Asteburu osoko jai egitaraua antolatu zuten euskal etxeko kideek eta erantzun arras ona lortu zuen euren proposamenak, jendetza ugari bildu baitzen hitzordu guztietara. Ekitaldiak ostiralean hasi ziren, afari batekin. David Mujika Euskal Etxeko kideak Euskalkultura.com-i azaldu dionez, 180 bat afaltiar bildu ziren eta Bastide-Queyries elkartearen aretoa 'bete-beterik' zegoen. 'Idoki elkarteko laborariek apailaturikako afaria biziki ona aurkitu zuten, eta, jakina, bazen gaitzeko giroa, Herlauz'Band, Arrosako (Nafarroa Beherea) txarangari esker. Denek erran zigutenez, dela adineko bazkideak, dela kanpotik etorritakoak, jendeak atsegin handiz hartu zuen'.

Kontzertua izan zen larunbateko programaren hitzordu handia. Euskal Kultur Erakundeak eta Office Artistique de la Région d'Aquitaine erakundeak antolatua, jende asko bildu zuen Molières d’Aquitaine aretora, 'erreserbaziorik egin ez zutenak ezin sartuz', Mujikak azaltzen duenez. Taulagainean Mixel Etxekopar-ek eta François Rossé-k kontzertu hunkigarria eskaini zuten, aspaldiko musika tresnak, oraingoak eta pianoa nahasiz. 'Kantuak eta gizartea eta nortasunari buruzko gogoetak, batzuetan umorez osatuak, bestetan sentiberatasunez beteak' eskaini zituzten eta ondoren Bilika taldeak hartu zuen lekukoa, 'arrunt musika orijinala' proposatuz, Mujikaren esanetan.

Kalejira Bordeleko karriketarik

Kontzertuaren ostean entzuleek, euskal etxeko kideek eta lagunek txarangarekin bat egin eta Bordeleko karriketan zehar kalejira zalapartatsuan bildu ziren Eskual Etxeraino musikan eta kantuz. 'Argi eta garbi bordelesek ez zuten sekulan holakorik ikusi edo entzun! Batzuk lehioetan, beste batzuk kanporat jalgirik, denak eskuz zartaka... Xoragarria zen', gogoratzen du unea Mujikak. Eskual Etxean berrehun bat lagun bildu ziren, Munduko Errugbi Kopako partida ikusteko. Partida bukatuta Arrosako txarangak hartu zuen berriz lekukoa eta kantuan eta dantzan jarri zuen jendea goizeko ordu ttipietaraino.

[Goiko irudietan Bordeleko Euskal Etxeko taldeen ekitaldietako batzuk, ezkerretik eskubira eta goitik behera: larunbateko afaria; elkarteko dantzari txikiak; euskal kantak ikasten Gau Eskola izeneko ekimenean eta afariko beste une bat (argazkiak Eskualdunen Biltzarra)]

Bestalarien kontzertua

Igandea meza elizkizunarekin hasi zen eta jarraian Bestalariak, Eskual Etxeko koralak, kontzertua eskaini zuen. Dantza ikuskizuna ere egon zen, elkarteko dantzari ttipien eskutik. Bukatzeko, eguerdian piknika egin zen euskal elkartean, berriz ere txarangak girotuta. Orokorrean antolatzaileak oso pozik agertu dira urteurreneko ospakizunen emaitzarekin, eta David Mujikak agertu duenez, alde pixkat negatibo bakarra Idoki elkarteko laborariek eta eskulangileek pentsatzen zutena baino gutxiago saldu zutela izan da. 'Dena dela, heiek berek erran zigutenez, atsegingarri izan zitzaien guk Bordeleko eskualdunek egin ginien ongi etorria', dio Davidek.

Hortaz aparte, bestak arras arrakastatsutzat jo dituzte elkartekoek: 'Alde batetik gure elkartea bordelesei ezagutarazteko parada eman digulako, dela gu geuk egin ginuen publizitatean, dela Sud-Ouest hemengo egunkari inportanteenak artikuluak egin zizkigulako, baita ere France 3 Aquitaine katearen ekipa bat etorri zitzaigulako Euskal Etxera filmatzera, eta TV7 kateko bat gure erakustokira etorri zelako; eta bestaldetik on zelako ikustea euskal pindarra Bordelen distiratzen'.


Lotura interesgarriak

Eskualdunen Biltzarra, Bordeleko Euskal Etxea, Frantzia
www.maisondesbasques.org

Bordeleko Euskal Etxearen 60. urteurrena
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 8an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia