Donostia-San Sebastian. 'Netflix euskaraz' kanpainak plataforma digital ezagun honi euskarazko ikus-entzunezko edukiak ere sartzea eskatzen dio eta euskal bezeroen errealitate soziolinguistikoa kontuan hartzea, film originalak zein azpitituluak sartuz. Helburua, apirilaren 15aren aurretik 10.000 sinadura lortzea da, eta lerro hauek idazteko momentuan 9.251 atxikimendu bildu ditu dagoeneko. Helburua lortzea, beraz, oso oso hurbil dago. Zure sinadura eskatzen dizute; eta baita ere plazer baduzu eskabide hau zabaldu eta zure ingurukoen artean hedatzea.
Oso erraza da kanpainarekin bat egitea. Nahikoa da orrira sartzea, zure izen-abizenak eta posta elektronikoa idaztea, eta ondoren konfirmatzea eskatuko dizute. Orain arte kanpainak oihartzuna izan da Euskal Herrian zein Diasporako euskaldunetan ere.
Gaur egun, gutxi dira plataforman euskaraz lor daitezkeen izenburuak. Daudenen artean aipa daitezke Aitor Arregi eta Jon Garañoren "Handia", Paul Urkijo Alijoren "Errementari", Pablo Agueroren "Akelarre" (duela egun batzuk Hego Euskal Herrian eta Latinoamerikan dago eskuragarri) edo, adibidez, aste honetatik aurrera, Fermin Muguruzaren "Black is Beltza" (martxoaren 26tik aurrera). Animatu eta lagundu!