euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Oskar Arana, EIZIEko lehendakari berria: 'Erantzukizun eta erronka handia da honelako kargua hartzea'

2008/03/05

Oskar Arana euskal itzultzailea izango da EIZIEko lehendakari berria (argazkia Sautrela.com)
Oskar Arana euskal itzultzailea izango da EIZIEko lehendakari berria (argazkia Sautrela.com)

PUBLIZITATEA

Iragan larunbatean Euskal Itzultzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) zuzendaritza berritu zuen. Gauzak horrela, Beatriz Zabalondok utzitako kargua Oskar Aranak hartuko du. 'Erantzukizun handia da kargu hau hartzea, baina saiatuko naiz ahal dudan hoberen egiten', aipatzen dio itzultzaile euskaldunak EuskalKultura.com-i. Aranak, besteak beste, George Orwell idazlearen "1984" eta Woody Allenen "Anarkia Hutsa" eleberrien itzulpenak egin ditu. Orain, zenbait itzulpenetan lan egin ondoren, EIZIEn, Itziar Otegi izango du ondoan lehendakariorde postuan. Larunbateko batzar nagusiak ItzulBaita proiektua sendotzeko ildo nagusien finkapenerako balio izan zuen ere.
'Erantzukizun eta erronka handia da kargu hau hartzea. Beatriz Zabalondok utzitako maila lortzea zaila izango da, baina motibazioa daukat ondo egiteko', azpimarratzen du Oskar Arana EIZIEko lehendakari berriak. Eginkizun berria edukiko du euskaldunak, baina 'orain arte elkarteak jarraitu duen ibilbidea' mantendu nahi du. Zenbait eleberriren itzulpena egin ostean, elkartearen lana koordinatu eta gizartearen aurrean ordezkaritza papera hartu beharko du orain.

Oskar Aranak urteak daramatza itzulpen munduan murgilduta. Zuzenbidea ikasi zuen bere garaian eta beka bati esker Eusko Jaurlaritzako IVAPen (Instituto Vasco de Administración Pública) aritu zen lanean. Baina Zuzenbidean kezka zegoen testu gehienak erdaraz baitzeuden. Gainera, 'ikasturte bakoitzean euskarazko irakasgai bakarra zegoen', aipatzen du itzultzaileak. Gauzak horrela, euskara juridikoko bulegoa sortu zen eta bertan aritu zen EIZIEko lehendakari berria praktiketan kode zibilak euskaratuz.

Maila altuko obren itzulpena

Literaturako itzulpenetan eskarmentu handia duen profesionala da Oskar Arana. Zenbait obren artean, bere ibilbidean Paul Austner idazlearen The Brooklyn Follies (Brooklingo erokeriak) eta Travels in the Scriptorium (Bidaiak scriptoriumean zehar), eta John Maxwell Coetzeeren Disgrace (Lotsaizuna) eleberriak itzuli ditu euskarara. Egun, Eusko Jaurlaritzaren Itzulpen Zerbitzu Ofizialean lan egiten du. Itziar Otegi EIZIEko lehendakariorde berriak ibilbide sendoa du ere literatura itzulpenean. Jules Renard-en Poil de carotte (Axenario) argitaratua du Literatura Unibertsalaren Bilduman eta orain Flannery O´Connor-en A good man is hard to find euskaratzeko lanetan ari da.

Larunbateko batzar nagusian jorratu zen beste gaien artean, ItzulBaita aipatzekoa da. Proiektua 2007ko urriaren 2an publikoki aurkeztu zen. Bere helburua 'euskal Itzulpengintzaren etxea, erreferentzia gunea eta antena' izatea da. Elkarteko kideen webgunean aipatzen denez, ItzulBaita proiektuko ekintzak lau jarduera ildo nagusi edukiko ditu: informazioa bildu eta kudeatuko den Itzulpengintzaren inguruko informazio gunea sortzea; Itzulpengintzak gizartean duen presentziaz eta garrantziaz ohartaraztea; Itzulpengintzaren funtzionaltasuna bultzatzea, bai itzulpen kontsumitzaileei begira bai itzultzaileei begira; eta Itzulpengintza sustatzea.


Lotura interesgarriak

EIZIEren web orrialdea
www.eizie.org

Internet-eko ItzuL zerrendak zortzi urte bete ditu
2007ko urtarrilaren 1ean EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia