euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Oscar A. Gila: "AEBetako filmeetan euskaldunak artzainak, ardogileak, pilotariak edo terroristak izan dira"

2012/09/11

Oskar Alvarez Gila historialaria San Frantziskoko Basque Cultural Center-en eman zuen hitzaldian (argazkia SFBCC)
Oskar Alvarez Gila historialaria San Frantziskoko Basque Cultural Center-en eman zuen hitzaldian (argazkia SFBCC)

PUBLIZITATEA

Estatu Batuetako luzemetraietan eta telesailetan euskal inmigranteek duten irudia aztertzen ari da azken bi urtetan Oscar Alvarez Gila historialaria eta orohar lau estereotipotan laburbiltzen direla ondorioztatu du: "artzainak, ardogileak, pilotariak eta terroristak". Dagoeneko ehun filme, telesail eta tv-movie ikertu ditu Diasporan eta Ameriketarako euskal emigrazioan aditua den EHUko Historia katedradunak eta, ikerketa oraindik bukatu ez duen arren, iragan ostiralean emaitza batzuk aurreratu zituen San Frantziskoko Basque Cultural Center-en egin zuen aurkezpenean.

San Frantzisko, AEB. San Frantziskoko Basque Cultural Center-en  hitzaldia eman zuen iragan ostiralean Oscar Alvarez Gila historialariak eta Hollywood eta euskal immigranteen arteko harremanaz mintzatu zen. Zehazki, AEBetako pelikuletan eta telebistako fikzioetan euskal immigranteen irudia zein den ikertzen ari da Alvarez, eta ikerketaren emaitza batzuk aurreratu zituen.

Duela bi urte hasi zuen ikerketa, ikasturte batez Renoko Center For Basque Studies-en irakasle gonbidatua izan zenean eta dagoeneko 110 ikusentzunezko aztertu ditu. "Ez dira asko euskal immigrazioaren gaian bakarrik zentraturik dauden pelikulak. Agian etapa osoan hamarren bat izango dira. Gehienetan euskal pertsonaiak sekundarioak dira, baina irudiaren ikerketa bat egiteko interesgarriak dira", azaldu dio Euskalkultura.com-i.

Good guys-ak izatetik terrorista izatera

Lehendabiziko pertsonaia euskal-amerikarra uste baino beranduago hasten dela dio Alvarezek, "1916ko filme mutu batean, hain zuzen". Harrezkero euskal immigranteak gehienbat western-etan agertzen dira, gutxienez 1980ko hamarkadara arte. Lau estereotipo nagusi aurkitu ditu Alvarezek: "artzainak, ardogileak, pilotariak eta terroristak." Horixe izan zen hitzaldiaren izenburua, eta ziurrenik izenburu hori izango du ikerketa burutzen duenean argitaratuko duen liburuak.

Euskaldunen eboluzioa estatubatuar filmeetan interesgarria izan dela dio ikerleak. "1980ko hamarkada arte, euskaldunak batez ere artzain zintzoak ziren. Pelikuletan askotan egiten den bereizketa manikeo horretan --alde batean onak, oso onak, eta bestean gaiztoak-- euskaldunak normalean good guys-en aldean agertzen dira. Hau guztia 1984tik aurrera aldatu egiten da. 1984an lehendabiziko aipamena egiten da Ameriketan dagoen euskal terrorista bati buruz. Hortik aurrera irudi dominantea txarra izan da, eta Dorre Bizkien atentatuaz geroztik, are txarragoa. Azken 6 urteetan urtero egon da gutxienez telesail amerikar bat euskal terrorista baten aipamenarekin. Eta ez hori bakarrik, askotan Al-Kaeda eta horrelakoekin parekatuz".

Euskaldunak, Frantziatik datozen mexikar

Alvarezen esanetan pertsonaiak fisikoki irudikatzeko orduan "oso gauza xelebreak" ikusten dira. "Hasteko, nabaritzen da zelako zailtasunak izan dituzten pelikulagileek euskal pertsonaien estereotipo bat definitzeko. Ezjakintasunagatik, oso euskaldun gutxi baitzeuden AEBetan eta gainera bakarrik oso toki konkretuetan zeuden, beraz euskaldunak ez ziren ezagunak hortik kanpo".

1940ko hamarkada arte euskaldunek ez dute inongo berezitasunik erakusten pelikuletan, "mainstream dira, inongo berezitasunik gabe, baina 1950eko hamarkadatik aurrera irudi folkloriko bat estereotipatzen da", dio historialariak. "Laburbitzeko, esan daiteke pelikuletako euskalduna --1950etik 1985ra arte-- horrela definitzen dela: txapela eta abarkak janzten dituena. Frantziatik datorren mexikano bat. Euskal Herria, nonbait, Mexiko eta Paris artean aurkitzen den zerbait da".

1980ko hamarkadatik aurrera irudi folklorikoa desagertu egiten da, gutxienez janzkerari dagokionez, baina ez Latinoamerikako kulturarekin nahastea. "Azkenengo hamarkadetan, gainera, Frantziaren aipamenak ia desagertu dira, beraz Euskal Herria nonbait Latinoamerikako tokiren batean kokatzen da".

Pertsonaia berria: sukaldaria

Azkenik, Alvarez Gilak azken urteetan pertsonaia positibo bat agertu dela azaltzen du: sukaldaria. "Egun euskal pertsonaia dominantea terrorista da. Hori ez da batere onuragarria euskal irudiarentzat. Baina badago ere azkenengo urtean beste bosgarren estereotipo bat, jaiotzen ari dena. Eta hau oso positiboa da: euskal sukaldaritzari lotua da, Amerikako euskal jatetxeak, Basque food eta holakoak. Eta hemen irudia guztiz kontrakoa da, positiboa. Beraz ea etorkizunean terrorista gutxiago eta sukaldari gehiago agertzen den pelikuletan", amaitzen du.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia