"Loreak" Sagar Handira heldu da eta, Oscar sarietarako lasterketan, New Yorkeko Paris Theatre zineman izango da ikusgai gaurtik hasi eta datorren azaroaren 5a arte. Sarietarako lehia horretan oso garrantzitsua omen da emanaldietara jendea erakartzea eta AEBeko euskal komunitateari filmari sostengua emateko eskatu nahi diogu EuskalKultura.com-etik, aurreneko aldiz euskara hutsean eginiko film bat Oscarretan egon dadin!
New York, AEB. Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendarien "Loreak" filma Oscar sarietarako lehian da eta hilabeotan AEBetako zinematan izango da ikusgai. Emanaldi horien ostean Atzerriko Hizkuntzako Film Onenerako azken hautagaiak aurkeztuko dira, boto gehien eskuratzen dituzten filmen artean. AEBetan euskal filmaren banaketa daraman konpainiak, Music Box Films-ek, eskarmentua du lan horretan, izan ere iazko saridun "Ida" filmaren banaketa eta promozioa ere egin zuen.
Sarietarako bidean oso garrantzitsua da estreinaldi komertzialak jendea erakartzea zinematara, eta hori dela eta, EuskalKultura.com-etik euskal komunitatearen babesa eskatu nahi dugu, emanaldietara joan eta horien berri zabaltzeko. AEBetako zinematan euskal film bikaina ikusteko aukera paregabea da!
New Yorken Paris Theatre zineman izango da ikusgai, gaurtik hasi eta azaroaren 5a bitartean. Egunean bost emanaldi egingo dira. Argibide gehiago, hemen.
New Yorkez gain, filma beste zenbait hirietara ere helduko da:
Washington DC - Azaroaren 6a
Philadelphia - Azaroaren 20a
Los Angeles - Azaroaren 27a
Lekuan berri izan bezain pronto, gure agendan jarriko ditugu. Zorte on, "Loreak"!