euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Oscar Esparza, Hegoko Nafar Etxeko buru: 'Nafarroak ez dauka antzik nire aitak esaten zuen landa eskualdearekin'

2007/10/26

Oscar Esparza Parrilla, Argentina eta Txileko Nafar Etxeetako presidentea, Nafarroara eginiko azkeneko bidaian, emaztea alboan (argazkia DDN)
Oscar Esparza Parrilla, Argentina eta Txileko Nafar Etxeetako presidentea, Nafarroara eginiko azkeneko bidaian, emaztea alboan (argazkia DDN)

PUBLIZITATEA

Argentina eta Txileko Nafar Etxeetan biltzen diren nafarrek buruzagitza aldatu zuten joan den abuztuan. Oscar Esparza, Mar del Platan egoitza duen Hegoko Nafar Etxeko presidentea, hautatu zuten Argentina eta Txileko sei nafar etxeetako presidente, lekukoa hartuz bi kargu horiek uztatuak zituen Marcelo Domingori. Hona Oscar Esparzak, 17 urte zituela San Martin Unx utziz 'Amerikak egitera' abiatu zen emigrante baten Argentinan sortu semeak, Diario de Navarra-rekin eginiko solasa.
Argentinar baten hizkera goxoa eta bihotz gorritxo peto-petoa. Oscar Esparzarena ez dute soilik bere deiturek salatzen, hamazazpi urte zituela San Martin Unx-etik abiatu eta Amerikak egitera abiatu zen bere aitak utzitako arrastoak ere baizik. Mar del Platan, Argentinako bainu-hiri garrantzitsuenean, Jesus Esparza Berruezok Latinoamerikako lehenengo nafar etxeetako bat sortu zuen duela 65 urte, gaur egun bere semea presidente duen etxea hain zuzen.

Hirurogei urte dituen argentinar honek zuzentzen du baita ere Argentina eta Txileko Nafar Etxeen Federazioa, eta 'nafar familia handia' gisa aipatzen ditu bertako bazkideak: mila pertsona inguru dira, zentru horietako ateetan barrena 'bigarren bizi bat' bizi dutenak, ohiko bizi argentinarraz gain.

Hirutan bidaiatu da Nafarroara. Azkenekoa, mus txapelketa batean parte hartzearren. Itzuli izan denean, bere aitak aipatzen zion landa-irudia baino eskualde konplexuagoa atxeman du. Mintzo denean, bere sentitzen duen lur honetaz duen lilura uzten du agerian, 10.000 kilometroko tartea daukaten arren.

-Zergatik joan zen zure aita Argentinara?

Hamazazpi urte zituela untzi bat hartu eta bakarrik joan zen, nahiz eta han bi anaia bazeuzkan haiek ere bera bila zebilen huraxe beraren bila joanak. Garai zailak ziren eta Amerika etorkizun hobea lor zitekeen toki gisa ikusten zen.

-Zertara dedikatu zen han?

San Martinen laborari ibilia zen eta Mar del Platan egin zuen lehena laborantzara joatea izan zen. Geroago eraikuntzan bukatu zuen.

-Eta gero heldu ziren nafar etxea eta zu...

Bai, 32 urterekin nire amarekin ezkondu zen, Rosa Parrilla Murrone, italiarren alaba. Koadra berean bizi zirelako ezagutu zuten elkar, edo zuek esaten duzuen bezala, 'kale berean' bizi zirelako. Mar del Plata erdian zegoen auzunea zen, nafar asko bildu zituena. 33 lagun artean, gehienak Erriberakoak, nafar etxe bat sortzea erabaki zuten, elkartzeko eta gogoratzeko.

-Kozkortu zinenean, zein zen Nafarroarekiko zure sentimentua, ezagutzen ez zenuela?

Ezagutzen nuela sentitzen nuen, oso txikitandik aitak kontatzen zizkidanengatik, baina ez geneukan argazkirik. Hori bai, hil zen arte gorde zuen untziratzeko bere txartela.

-Antzik ba al du aitaren deskribapenekin?

Bera landari buruz mintzatzen zen gehienbat eta lurraten ontasunaz: zainzuriak, piperrak, ardoak... Nik 2004an bisitatu nuen lehen aldikoz, eta Nafarroa puxakor bat antxeman nuen, eraikuntzan murgildua eta, batez, ere oso ederra: bere landa-eremu eta hiriekin, Iruñerekin, hain taxutu eta garbia.

-Zer ekarri dizu aita nafarra izateak, egitate horrek?

Berak beti sartu zigun buruan arrebari eta bioi nafarren ezaugarri den lan izpiritua.

-Urrunetik bizi al dituzue Sanferminak?

Oso bereziak dira: aste oso batean zehar Nafarroari buruzko bideoak eta hitzaldiak daude eta igandean zuek hemen egiten duzuen guztia egiten dugu, baina egun bakarrean. Prozesioan joaten gara Pompeyako Amaren parrokiara, aita Elizalde, nafarra bera, baitago bertan, eta baita Uxueko Ama Birjina eta San Fermin.

-Zure seme-alabei nafar jatorria zuri baino urrunago geratzen zaie. Jaso al dute zure sentimenturik?

Bi alaba dauzkat: Cecilia, Espainian bizi dena, Fuengirolan, eta Leticia, Mar del Platan segitzen duena. Biak euren jatorriaz oso jakitun dira. Baina batez ere nire bi bilobak dira dantza taldean dantzatzeko irrikan daudenak. Nagusiak zazpi urte ditu eta mila aldiz errpika arazi zidan Uno de enero, 2 de febrero... ikasi zuen arte.

(2007-10-12an Diario de Navarra-n argitara emana)


Enlaces relacionados

Buenos Aires-ko Nafar Etxea, Argentina
www.centronavarro.org

Rosarioko Nafar Etxea, Argentina
www.centronavarro.com

Catalán-ek erakusketa inauguratu Zaragozako Nafar Etxean
2007ko urriaren 8an EuskalKultura.com-en argitara emana

22-Azpiko Mundiala antolatuko du Rosarioko Nafar Etxeak
2007ko abenduaren 26an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia