euskal diaspora eta kultura
2013/01/23
PUBLIZITATEA
Iruñea-Pamplona. Nafarroako Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedrak Ameriketarako euskal emigrazioari buruzko hitzaldia antolatu zuen urtarrilaren 17an, “Fronteras y Cultura” proiektuarekin lankidetzan. Oscar Alvarez Gila historialaria eta EHUko irakaslea izan zen hizlaria.
Oscar Alvarez Gila euskal emigrazioan adituak “El marco jurídico de la emigración ultramarina: repensando las migraciones vascas” izenburudun hitzaldia eskaini zuen. Solasaldian, Alvarez Gilak azaldu zuen Ameriketarako euskal emigrazioan 200.000 edo 250.000 inguru euskaldunek joan zirela atzerrira 1880tik 1930ra.
Emigranteei oztopoak jarri
Alvarez Gilaren esanetan, 1930a arte Espainiak trabak jarri zizkien emigranteei, zerbitzu militarra egin gabe zirenei atzerrira ateratzea debekatuz, nagusiki. Aldiz, emigrazioa hartu zuten herrialdeek -- Argentina, adibidez-- erraztasunak eman zizkieten biztanle berri hauei.
Hala ere, 1929an hasi zen krisi ekonomiko latzak gauzak errotik aldatu omen zituen, eta herrialde hartzaileak emigranteei oztopoak jartzen hasi ziren. Gaur egun, Alvarez Gilak adierazi zuenez, emigrazioaren inguruko erregulazioa eta legedia beharrezko da.
Katedrak 50 urte
Hitzaldia antolatu zuen Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedrak 50 urte beteko ditu aurten eta urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi ari da prestatzen. Mende erdi horretan Nafarroako Unibertsitatean euskarari eta euskal kulturari eskainitako espazio berezi bat bete du eta Jose Migel Barandiaran handia bezalako erreferenteak izan dira bertan irakasle eta zuzendari. Katedraren baitan euskara klaseak ematen hasi ziren 1960ean, Francoren diktaduran.
90. hamarkadan urte oso emankorrak izan zituen Katedrak, Asier Barandiaranen zuzendaritzapean, baina azken urtetan jardueren murrizketa latza jasan du. Halarik ere, Mari Mar Larraza buru duen zuzendaritza berriak jarduerak berrabiaraztea duela helburu agertu du.
"Bolonia planak ekarri zuen berrantolaketarekin eta hautazko ikasgaien murrizketarekin Katedraren eremua asko mugatu zen. Euskal Ikasketen Diploma kendu egin zen, adibidez", agertu du Larrazak. "Zuzendaritza berriak euskal kulturarentzako espazio hori berreskuratu egin nahi du. Euskal Hizkuntza eta Literatura ikasgaia abian dugu jada, Iñigo Barbantxo irakaslearekin, eta historiaren arloan ikasgairen bat sortzea ere nahiko genuke. Horrez gain, unibertsitateko beste fakultateekin lankidetza sustatu nahi dugu, adibidez Kazetaritzarekin, edo Arkitekturarekin, horrela euskal kulturak unibertsitatean duen espazioa zabaltzeko".
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus