euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Osatu berria den Comahueko Euskal Etxea-ko Zuzendari Batzordeak Mus eta Pintura tailerrak eskainiko ditu

2016/09/16

Comahueko Euskal Etxea elkarteko Zuzendaritza Batzorde berria
Comahueko Euskal Etxea elkarteko Zuzendaritza Batzorde berria

PUBLIZITATEA

Tailerrak arratsaldeko 7etan izango dira, Neuquen hiriko Pastoral de Migraciones delako gunean. Hauek izango dira Manuel Molina buru duen Comahueko Euskal Etxeko Zuzendari Batzordearen lehenengo urratsak baina ez bakarrak. Izan ere, helburu bat baino gehiago dituzte euskal etxe berriaren kideek etorkizunerako, tartean, parte hartzea Patagonia Argentinarreko Euskal Etxeen Topaketan eta Euskal Astean.

Neuquen, Argentina. Urte hasieran ekin zioten lanari Argentinako Comahue eskualdeko euskal gizataldeko lagunek; otsailean egin zuten lehenengo informazio-bilera eta apirilaren 9an euskal jai polit batekin aurkeztu zen taldea komunitatean.

Orain, eta instituzioa sendotze aldera, bere lehenengo Zuzendaritza Batzordea osatu zuten Comahueko Euskal Etxea-ko lagunek irailaren 10ean egindako bilkuran. Bi urteko agintaldi honetan talde honek izango du erakundea zuzentzeko ardura:

-Lehendakaria: Manu Molina
-Lehendakariordea: Carolina Uthurralt
-Idazkaria: Luis Carranza Cabrera
-Diruzainak: Saul Etxeberri, Osvaldo Goñi
-Batzordekide titularrak: Gabriela Gorostizaga, Diana Fernandez A, Sonia Beltran, Julio Cesar Salazar
-Batzordekide ordezkoak: Jorge Jauregui, Juan Zaldarriaga Dominguez

Behin osatuta, bere lehenengo ekintzak jakinarazi zituen batzordeak. Gaur, irailaren 16an, bi tailer eskainiko dizkio Euskal Etxeak komunitateari. Alde batetik, Jorge Jaureguik eta Osvaldo Goñik Mus tailerra emango dute; bestetik, Sonia Beltran Pintura tailerraz arduratuko da.

Epe laburrerako eta epe luzerako proiektuak

Zuzendaritza Batzordea osatzeaz gain, proiektu batzuk mahaigaineratu zituzten elkarteko kideek joan den asteburuko bilkuran. Hautatu berria den Manu Molina lehendakariak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “izaera juridikoa lortzea da xedeetako bat eta martxan dago jadanik. Bestalde, helburu hurbilagoak ere baditugu. Datorren asteburuan Luis Carranzak eta biok ordezkatuko dugu erakundea Patagonia Argentinarreko Euskal Etxeen 2. Topaketan; eta azaroan, Necocheako Euskal Aste Nazionalera joateko asmoa ere badugu. Bitartean, hirian bisibilitate handiago izateko proposamen batzuk ditugu, besteak beste, Dantza tailerra, janari salmentak eta zozketak egitea”, jakinarazi digu Molinak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia