euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Osatu berri den Sanfa Fe probintziako Roldan herriko 'Euskel Biotza' EEak San Inazio ospatuko du igandean

2014/07/29

Euskel Biotza euskal etxe gisa sortu aurretik, Roldango euskal gizataldea herriko jaietara bertaratzen zen euskaldunen ordezkari (argazkiaEE)
Euskel Biotza euskal etxe gisa sortu aurretik, Roldango euskal gizataldea herriko jaietara bertaratzen zen euskaldunen ordezkari (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Sortu berriak dira formalki eta dagoeneko ekimenak ari dira iragartzen. Santa Fe probintzia argentinarreko Roldango euskal gizataldeak abuztuaren 3an ospatuko du Inazio Deunaren Eguna. Bazkariaren baitan, maiatzetik estatus formala duen euskal etxeak omenaldi bat egingo die hiriko euskal etorkinei eta bere hiru dantza taldeak aurkeztuko ditu. Ekintzek hurrengo asteburuan jarraituko dute, abuztuaren 9an, Magdalena Mignabururen eskutik.

Roldán, Argentina. Nahiz eta bertako euskal gizataldea 'de facto' ibilbide luzekoa den, era formalean joan den maiatzaren 24an jaio da Roldan-en 'Euskel Biotza' Euskal Etxea. Euskal kultura zabaldu eta bultzatzeko asmoarekin, hiru dantza talde izateaz gain, beste hainbat motatako ekintzak antolatzen ditu eta inguruko euskal etxeek antolatutako aktibitateetan parte hartzen dute Santa Fe probintziako Roldango euskal etorkinen ondorengoek, orain gutxi Rosarioko Gaztedi Zutik taldeak egindako San Fermin jaian kasu.

Helburu berarekin, beste proposamen batzuk ere badituzte roldandarrek datozen egunetarako. Alde batetik, abuztuaren 3an San Inazio jaia ospatuko dute bankete eta dantzaldi batekin. Ospakizunaren barruan omenaldi bat egingo diete euskal etxekoek herriko euskal etorkinei. Dantzariek ere, adinaren araberako hiru taldetan banaturik, euskal koreografiak aurkeztuko dituzte bazkarian. Abuztuaren 9an, berriz, larunbata, Magdalena Mignaburuk Euskal Aberria Argentinan bere liburua aurkeztuko du Udaletxearen erakusketa aretoan. Hitzordua arratsaldeko 6etan izango da.

Berria baina jardueraduna

Joan den maiatzaren 24an osatu da Euskel Biotza Euskal Etxea era antolatu eta formalean. Hala ere, erakundea ez da egun batetik bestera sortu. Urteak daramatzate euskal etorkinek eta euren ondorengoek Roldan herrian euskal kulturaren alde lan egiten eta horrela kontatzen du instituzioaren bultzatzaileetako bat --eta orain diruzain berria-- den Gabriela Menghik: “Roldan Rosariotik 25 kilometrora dago kokatuta. Argentinako beste hainbat herritan bezala, immigranteak eta euren ondorengoak nagusi izan dira beti hemen, bereziki euskaldunak, italiarrak eta suitzarrak. Euskal Herriko etorkinen kasuan, hirurogeita hamar bat familia kokatu ziren bertan 1940 eta 1960 hamarkaden artean. Garai hartan, egun osoko ekitaldiak egiten ziren herrian, euskal kirolak, dantzak eta erromeriak barne. Hori dela eta, euskal jatorriko jendeak lan taldeak antolatu zituen festa horiek antolatze aldera. Jaiak oso politak ziren eta eskualde osoko lagunak ere etortzen ziren”.

“Denboraren poderioz, eta zenbait arrazoi tarteko, utzi egin zitzaion jaiak egiteari eta taldea desegin egin zen. 1988. urtean, ostera, Udalak antolatutako gizatalde-ekintza batean eta aldez aurretik adostu gabe, euskaldun horietako batzuk Euskal Herriaren ordezkari agertu eta elkartu ziren… Ekitaldira berera, gainera, eskoletako hainbat ume euskal jantzi tradizionalak soinean agertu ziren, euren jatorriko jantziez joatea eskatu baizitzaien”, azaldu digu Menghik.

[Azken 25 urte hauetako argazkiak bideo batean bilduta]

“Ekintza horretan begibistan geratu zen euskal gizataldeak bazuela elkartzeko gogoa eta esan eta egin. Batzuei bururatu zitzaien San Inazio jaia antolatzea eta talde batek, Miren Edurne Martin Eguia, Antonia Mendiaga, Enrique Morras, Amantzi Perea eta Maria del Carmen Schalch tarteko, berehala lotu zitzaion lanari, festa antolatzeko ardura bere gain harturik. Haiekin batera jende gehiago sartuko zen taldean, besteak beste Simona Ancin, Margarita Aristegui, Maria Rosa Fischer, Graciela Garin, Maria Josefa Martin, Ricardo Martin, Silvia Martin, Ricardo Otaño, Cristina Urretavizcaya, Susana Urretavizcaya, Teresa Urretavizcaya eta Alejandra Wilson, batzuk aipatzearren. Festa hori izan zen gure Euskel Biotza maitearen sorrera. Eta erabat motibatuta, bi urte geroago apustua areagotu eta San Inazio jaian ere euskal etxeko dantza taldea aurkeztuko zen lehendabizikoz herrian. Guztira 68 dantzarik osatzen zuten taldea”.

2013an, bultzada berria

“Urteak joan urteak etorri –segitzen du erakundeko ordezkariak– eta aktibitateak maiztasun handirik izan ez arren, euskal etxea izateko ametsa errealitate bihurtzeko asmoak segitzen zuen. Eta 2013an, Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxearen babesarekin urrats garrantzitsu batzuk eman ahal izan genituen. Alde batetik, FEVArekin jarri ginen kontaktuan eta bere agintaldia bukatu aurretik Ricardo Basterrak bisitatu gintuen. Bestalde, Fernando Lizarberen bitartekaritza medio, ikurrin bat jaso genuen Andoni Ortuzar EAJ-PNVko buruzagiaren eskuetatik, iazko Euskal Aste Nazionalera, Villa Mariara etorri zenean".

Hasiera berri honekiko engaiamendu handia dute euskal etxeko kideak eta murgilduta daude datozen ekintzen antolaketan. Ez dute, baina, ahazten, urtetan zehar hainbat pertsonek egindako lana. Horregatik azken urte hauetako ehunka argazki biltzen dituen bideoa kaleratu dute euren urratsen historia zabaldu eta ezagutarazteko. Euskal etxearekin kontaktatzeko helbidea euskelbiotzaroldan@gmail.com da eta Facebook-ek kontua, berriz, Centro Vasco Euskel Biotza.

Euskal etxearen Zuzendaritza Batzordeari dagokionez, honela geratu da osatuta joan den maiatzaren 24an:

-Lehendakari: Laura Martin
-Idazkari: Angela Eizaguirre
-Diruzain: Gabriela Menghi
-Batzordekide: Sebastian Martin, Maria del Carmen Schalch, Sebastian Menghi, Victoria Echezarreta, Jose Arriola, Antonia Mendiaga eta Amantzi Perea

Zorionak bere urrats berrian ibilbide luzeko euskal etxe gazteari eta ongi etorri munduko euskaldunen eta Euskal Herriaren familia zabalera!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia