euskal diaspora eta kultura
2008/08/26
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. HABEko Euskara Munduan programaren arduradunek egitasmoaren azken urteko balioespen oso baikorra egin berri dute. Euskalduntze erakundeak gainera Hego Ameriketako herrialde desberdinetako euskal etxeen ikastaro eta irakasle trebakuntza programen jarraipena egin du. Jarraipen horretako puntu nagusiak dira lekuan lekuko irakaslearen trebakuntza prozesuari buruzko txostena, euskara ikasteko/irakasteko dituzten baliabideen jarraipena eta ikasturteko diru-laguntzen zuriketa eta eskaera nola bideratu diren aztertzea. Helburu horrekin J. Fco. Zinkunegi, programaren koordinatzailea, uztailaren 21az geroztik euskal etxez euskal etxe ibili da, aipatu jarraipena egiten, EuskalKultura.com-ek jakin ahal duenez.
Aurtengo ekimenen artean aipagarrienetakoa Nazioarteko Taldearen sorrera izan da. Talde honetan hainbat herrialdetako irakasleak trebatzen dira. Aurreko urteetan Argentina eta Uruguaiko irakasleekin jarri zen abian egitasmoa, eta emaitza bikaina ikusita, beste herrialdetara zabaldu da aurten. Zehazki irakasleak Brasil, Argentina, Uruguai, Txile, Peru eta Kolonbiakoak izan dira.
Talde indartsua Brasilen
Brasilgo Euskal Etxeak bi irakaslegai ekarri ditu Nazioarteko Taldera (NT), baina horrek ez du esan nahi euskararen irakaskuntza jarduera berria duenik. ‘Azken urteetan hantxe aritu dira Estebe Ormazabal eta Iker Azkue, urteko 60 bat ikaslerekin, lan bikaina egiten’, azaltzen du Zinkunegik. Orain, NT taldeko irakasle berriei pasatu diete lekukoa. Uztailaren 22an eta 23an elkartu zen Kinku Zinkunegi Sao Pauloko euskal etxeko arduradunekin, aurrera begira eman beharreko urratsak beraiekin adostuz. Hori baliatuz, euskal etxeak bi hitzaldi antolatu zituen “Euskara Munduan” izenburupean; bata, Centro Hispano elkartean eta, bestea, Cervantes institutuan.
Argentinari dagokionez, Arrecifeseko Euskal Etxean egin zen aurtengo neguko barnetegia eta bide batez, bertan egin zen FEVAren bilera orokorra ere. Horrek aukera ezin hobea eskaini zuen bertako euskara arduradunak eta programaren koordinatzaileak bildu eta 2008/09 ikasturterako ekintzak aurreikusi eta egutegia adosteko. Gainera, Euskal Herrian egon berri diren argentinarren emaitzak eta egonaldia ere izan zituzten hizpide.
Uruguaien barnetegia antolatu nahi
Uruguaien Zinkunegi FIVU eta Saltoko ordezkariekin bildu zen abuztuaren 2an. Gainontzekoekin jorratutako gaiak lantzeaz gain, FIVUk Uruguaien barnetegiren bat antolatzeko nahikeria azaldu zuen eta proposamen hori lantzea izango dute xede hurrengo hilabeteetan. Nazioarteko Taldeari esker, FIVUk federazioa osatzen duten euskal etxe gehienetarako irakasleak trebatuko ditu (Haize Hegoa, Carmelo, Rosario).
Honez gain, abuztuaren 3an bildu ziren Montevideoko Euskal Erria elkarteko arduradunak eta Zinkunegi. Programari buruzko gaiak jorratzeaz gain, urtero Euskal Erriak antolatzen duen neguko (abuztua eta iraileko) ikastaro trinkoari buruzko hainbat xehetasun ere mahairatu ziren. Urtero egin ohi duen legez, aurten ere, bi hilabeteko ikastaro trinkoa antolatu du Euskal Erriak. 50 ikasletik gora aritzen dira, bataz beste urtero, eta dagoeneko martxan da, Justi Vigara, Euskal Herritik espreski bildutako irakaslearen eskutik.
Lehen aldia Perun eta Kolonbian
Peruko Limako Euskal Etxea Diasporako zaharrenetakoa izan arren, aurten lehenengo aldiz sartu da Euskara Munduan bertako irakaslegai bat. Hori horrela, bertako euskal etxeko arduradunak eta Kinku Zinkunegi Liman elkartu ziren programaren jarraipena egiteko. Tartean zen Cecilia Ballain irakaslegaia ere, emaitza ezin hobeekin lehengo sehilabetekoa burutu duena. Besteak beste, datorren ikasturtetik aurrera euskara ikasle taldea eratzeko asmoa azaldu zuten Euskal Etxekoek eta, ondorioz, lehengo aldia izango da HABE eta Limako Euskal Etxeak euskarazko eskolak abian jartzeko hitzarmena sinatuko dutena.
Peruko kasuan bezala, Kolonbiako Bogotako Euskal Etxeak ere lehenengo aldiz eraman du irakaslegaia Euskara Munduan programara. Hala ere, dagoeneko eskaintzen ditu euskarazko eskolak Bogotako Euskal Etxeak eta aurtengoa bigarren ikasturtea izan dute. ‘Orain artean, bertan bizi den euskaldun batek eman izan dizkie eskolak, baina, aurrerantzean bertako irakasle bat ere izateko bidean dira. Euskal Etxeko arduradunen esanetan, datorren urtean, oraingo taldeez gain hasiera mailako talde berri bat eratzeko asmoa dute. Horrela, 50 bat ikasle izateko itxaropena dute’, aipatu du Zinkunegik.
Txileri dagokionez Santiagoko euskal etxeak ere badaramatza urteak euskarazko eskolak eskaintzen. Orain arte, bertan aritu diren irakasleak bertan bizi ziren euskal herritarrak edo Euskal Herritik bildutakoak izan dira, gehienbat. 'Lan kontuak direla eta Txilera joandako hainbat euskaldun aritu dira Euzko Etxean eskolak ematen, bolondres. Haien lana oso baliotsua izan da euskararen irakaskuntzak bizirik irauteko baina beti ez da erraza izan, izan ere, euskaldun horietako gehienak pasadizoko jendea izan dira eta, horrek, jardueraren iraunkortasuna arriskuan jartzen du. Gaur egun, Raimundo Riquelme da txiletar irakasle bakarra, baina, aurrera begira, beste lau irakasle trebatuko dituzte Santiagon. Horrek bertako eskaintza zabaltzeko aukera emango du, bai maila desberdinetako ikastaroak eskainiz, bai ordutegi zabalagoa eskainiz', azaldu dio Zinkunegik EuskalKultura.com-i.
Lotura interesgarriak
HABE, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntze Erakundea
www.habe.org
FEVA euskal erakundeen federazioa (Argentina)
www.fevaonline.org
Sao Pauloko (Brasil) Euskal Etxea
http://euskaletxeabrasil.locaweb.com.br
Perúko (Lima) Euskal Etxea
www.euskaletxeaperu.org
Bogotáko (Kolonbia) Euskal Etxea
www.euskaletxeacolombia.com
Txileko Santiagoko Euzko Etxea
www.euzkoetxeachile.cl
Valparaisoko (Txile) Eusko Etxea
www.euskoetxea.cl
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus