euskal diaspora eta kultura
2012/02/07
PUBLIZITATEA
Coronel Vidal, Argentina. Euskal kultura zabaltzea da dudarik gabe Izatez Harro Euskal Etxearen xede behinena, baina joan den mendean jaio ziren beste hainbat euskal erakundek bezala, gizarte-laguntzak ere badu lehentasuna euskal talde honen ekimenen artean. Ezagunak dira dagoeneko, Izatez Harrok bultzatzen dituen lan arloko trebakuntza eta hornitegi zerbitzuak. Orain, bi aukera horiei beste bat gehitu diote: Thema Red Medica izeneko osasun enpresarekin egindako hitzarmenari esker, osasun planak eskaini ahal izango dizkie Euskal Etxeak bere kideei eta oro har Mar Chiquita partiduko biztanleei.
Euskal etxeko arduradunek jakinarazi dute hitzarmen honen bidez bere kideek Mar del Platako jarduera handiko kliniketarako sarbidea izango dutela, tartean Clínica Colon, Clínica Pueyrredon, Clínica 25 de Mayo eta Clínica Belgrano. Bide batez iragartzen dute behar den informazio osoa laster izango dela Izatez Harro-ko egoitzan (Mariani kaleko 680 zenbakian) eta botika denda, laborategi eta Mar Chiquita partiduko sendagileekin ere egingo direla hitzarmenak.
Elvira Kortajarenaren bisita
Bi urte baino ez ditu Izatez Harro euskal etxeak eta ilusioak eta kemenak gidatzen du duela gutxi hasitako elkarte hau bere bidean. Izan ere, bigarren urtemuga ospatu baino lehen, joan den azaroaren 8an, Eusko Jaurlaritzaren onarpen ofiziala lortu zuen talde berriak. Eta urrats horren segida gisa, Coronel Vidal hiria bisitatu zuen joan den urtarrilaren 29an Eusko Jaurlaritzaren Argentinarako ordezkaria den Elvira Kortajarenak.
Tandilera ere eraman zuen biraren baitan, Kortajarenak bazkaria partekatu zuen euskal etxeko kideekin Nekazaritza Elkartearen hiriko egoitzan. Elkarretaratzean, euskal funtzionariak eta Mar Chiquita bertoko agintariek opariak eskuratu zizkioten elkarri eta gai amankomunei buruz mintzatu ziren. Bisita bukatzeko, Kortajarenak prentsaurreko bat eskaini zuen bildutako kazetari eta lagunen aurrean.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus