Iruñea-Pamplona. Mikel Lasarte Ortzadar Dantza Taldeko kidea azaroaren 25etik abenduaren 12ra egin zuten bidaia argentinarraz mintzatu zaio Euskalkultura.eus-i. Nafarroatik, 40 pertsonak osatutako talde batek Argentinako 4 Nafar Etxeak bisitatu zituen. “Ez zen bidaia arrunt bat izan, non emanaldiak eskaintzen diren eta kitto, programa askoz aberatsagoa eraman genuela uste baitut, alde batetik gure baliabide eta ahalak eta bestetik beren eskariak uztartuz”.
Lehenengo hiru egunak Buenos Aires hirian eman zituzten. Buenos Aireseko Nafar Etxean Otsagiko dantzak, Arantza eta Lesakako dantzak lantzeko aukera izan zuten bertakoekin. Horrez gain, txistu klaseak eta hitzaldi batzuk eskaini zituzten, Nafarroako dantzei buruzkoak, musika tresna eta jantzigintzari buruzkoak. Hitzaldietara Buenos Airesko euskal etxeetako jendea ere bildu zen, jende multzo ederra. Nafar etxeko dantzariekin tango ikastarotxo bat egin ahal izan zuten, eta “hor Argentinako erreki, enpanada eta alfajore famatuekin harremana egiten hasi ginen, gero zentro guztietan dastatzeko aukera izango genituela.”
Bigarren geldialdia Bolivar hirian izan zen. Bi jardunaldi oso trinko igaro zituzten: dantza ikastaroak emanez, hor adibidez Matelota eta Bizkaiko dantzak landuta, jantzigintza eta Nafarroako dantzei buruzko hitzaldiak. Eta beren ikuskizuna eskainiz bertako antzoki batean. Trukean, aukera izan zuten: Argentinako “chacarera” eta beste dantza herrikoir batzuk ezagutzeko Bolivarko Nafar Etxeko dantzarien eskutik. Bolivartik Rosariora abiatu ziren, bertan lau egun igarotzeko.
Rosarioko Nafar Etxeko dantza taldearekin Larrain dantza, Tuterako jota eta Korteseko zinta dantza landu zituzten. Han ere euren ikuskizuna eskaini zuten eta, egonaldia burutzeko, zentroak Funesen dituen instalazioak bisitatu zituzten eta azken eguna bertan partekatu zuten. Nafar etxe bakoitzean, gainera, sukaldaritza ikastaro bat eman dute, Nafarroan ohikoak diren zenbait plater prestatzen irakatsiz, hala nola kroketak, berbeteak eta zenbait pintxo. Batzuetan kosta egin zitzaien janaria prestatzeko tresnak topatzea, baina beti izan zen jendearekin partekatzeko une gozagarria, diosku Mikel Lasartek.
Azken geltokia Mendoza izan zen. “Bertan, beste lekuetan bezala, zentrokoek eguraldia bezain harrera beroa egin ziguten”, dio umorez Mikelek, Argentinako bidaia osoan 30°tik gorako tenperaturekin harrituta. Mendozan ere eskaini zituzten dantza eskolak, Nafarroako dantzei buruzko hitzaldia, jantzigintzarena eta sukaldaritzarena. Mendoza zen gainera euren helmuga, Argentinako Nafar Gizataldeen Topaketaren egoitza, eta bertako estreineko emanaldian, Espainia Plazan, denek batera Korteseko zinta-dantza bikoitza, Larrain dantza eta Tuterako jota eskaini zituzten, Ortzadarreko musikariekin batera.
Larunbateko gala nagusian, Mendoza Antzokian, Nafar Etxeek emanaldia eskaini zuten haiekin ikasitakoak plazaratuz eta baita beren koreografiak ere. Topaketan, Nafarroako Gobernuko agintariak ere izan ziren, Maria Chivite presidentea buru. Aipatzekoa, Nafarroako Gobernuaren laguntza ekonomikoari esker egin zuela bidaia Ortzadar Elkarteak: “Gure taldeari, egindako lanarengatik egin zaion errekonozimendu bat izan da eta taldean parte hartzen dugunentzako sari eder bat”, iritzio dio Lasartek.
Argentinan zehar bizit izandako guztia, argazki eta bideoetan bilduta, dokumental bihurtuko dute, eta aurreikusten dute datorren otsailean estreinatzea. Nafar Etxe bakoitzaren parte-hartzea oso ona izan zen eta hangoek esker onez hartu zuten bertaratu izana eta egindako lana.
“Kontuan izan behar da gaur egun Nafar Etxeetan parte hartzen duten gehienak hirugarren edo laugarren belaunaldikoak direla. Harrigarria da sustraiekin harreman hori mantentzea”, aitortzen du Lasartek. “Turismorako ez dugu ia denborarik izan, baino zeinek ikusi nahi ditu harriak turismo soziala egiteko aukera dagoenean? Bertako jendea ezagutu eta lagun egin izana da benetako saria!", amaitzen du Ortzadarko kideak..