euskal diaspora eta kultura
2011/04/01
PUBLIZITATEA
Elorrio, Bizkaia. Joan den asteburuan Elorrion izan ziren Anuska eta Maia Uribarrena mendozarrak, Euskal Herrira egiten zuten lehen bisitaldian. Familiaren sorterria eta sustraiak ezagutzera etorri ziren, eta gidari bikaina izan zuten lan horretan: Francisco Javier Iruarrizaga 'lehengusua'. Bi familien abizenak desberdinak badira ere, senidetasunaren frogak sendo dirau: Elorrioko Ortuguren baserritzarraren harriak bezain sendo.
Anuskak eta Maiak hogeitabostgarren abizen bezala dute Ortuguren izena; Javierrek, aldiz berrogeigarren. Hala ere bere familiak belaunaldiz belaunaldi gorde eta zaindu ditu baserria eta sustraiak, ezkontza eta jaiotzen poderioz abizenak atzera egin badu ere. "Amamak baserria utzi zidanean idazkitan begira hasi nintzen, testamentuetan eta abar. Han zegoen dena idatzita", dio Iruarrizagak. Dokumentu horiei esker 1560en hasten den zuhaitz genealogikoa egin du eta bertan aurkitu zuen Argentinako senideengana eraman zuen haria.
Maiorazkoa eta Ollauriko arotza
"Maiorazkoa dela eta Pedro Uribarrena Lasuen (1857an jaioa) Errioxako Ollaurira joan zen bizitzera. Arotza zen eta kupelak egiten zituen". Iruarrizaga Ollaurira joan zen hango familia ezagutzera, eta haiek esan zioten Pedroren seme bat, Dimas, Argentinara joan zela. Hariari tiraka, Javierrek 2005ean Mendozako Pedro Uribarrena eta bere alabak aurkitu zituen. Harremana mantendu dute, noski. Skype bidez hitzegiten hasi dira orain.
"Pedrok bazekien abizen euskalduna zuela, baina ez zuen bere sustraien berririk", azaltzen du Javierrek. Mendozako Euskal Etxean baditu lagunak Pedrok eta, kasualitatea, Anuskaren nobioak ere abizen euskaldun peto-petoa du, Irañeta. "Baina neskek ez zekiten ezer Euskal Herriaz, eta liluratuta gelditu dira", dio Javierrek.
[Maia eta Anuska Uribarrena eta Itxaso, Javier Iruarrizagaren emaztea, Ortuguren baserriko balkoian (argazkia J.Iruarrizaga)]
Historia bizia
Euskal Herrian izan diren egunetan Anuskak eta Maiak familia berria ezagutu eta turismo apur bat egiteko astia ere izan dute, Elorrio eta Gernika bisitatuz. Javierrek oparitutako idazki sorta astunarekin bueltatuko dira etxera. Bertan dago beraien familiaren historia.
Baina egunotan beste opari ederragoa jaso dute, agian: bost mende baino gehiago dituen familiaren historia biziaren parte bilakatu dira. Eta familiako kide bezala, Ortugureneko ateak beti irekita izango dituztela dio Javierrek.
[Anton Iruarrizaga, Anuska Uribarrena, Javier Iruarrizaga eta Maia Uribarrena Ortugureneko armarriaren aurrean (argazkia J. Uruarrizaga)]
Familiaren topagune
"Gure amamak tinko eutsi zion gure ondareari eta nik bide horretik jarraitu nahi dut. Berak 'gure baserria' esaten zuen beti, eta nik beti ezetz, 'nire baserria' esan behar zuela, berea zelako. Baina egia da, euskaldunok beti esaten dugu gure baserria, familiarena delako", dio Javierrek.
Anboto mendiaren begibistan dagoen baserri ikusgarria berritzen eta konpontzen sekulako lanak eta diruak gastatu dituzte Iruarrizagatarrek. Belaunaldiz-belaunaldi gorde duten ondareaz harro daude. "Familiaren topagunea izan dadin nahi dut. Anuskak eta Maiak badakite Argentinatik datozenean hemen etxea dutela beti", bukatzen du.
Larrosaduna Anuska da eta grisduna Maia.
Javier, 2011/04/04 14:44
zein da maia eta zein da anuska?
iñgo romero, 2011/04/03 12:30
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus