euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Orratz begia': Ezagutzen al duzu haur hauetakoren bat? Laguntza eskatu dute Arrasaten identifikatu ahal izateko

2024/09/11

‘Orratz begia’ erakusketa irailaren 19an inauguratuko dute Arrasaten. Laguntzerik bai, edo lagun dezakeen norbait ezagutzen?
‘Orratz begia’ erakusketa irailaren 19an inauguratuko dute Arrasaten. Laguntzerik bai, edo lagun dezakeen norbait ezagutzen?

PUBLIZITATEA

Arrasate, Gipuzkoa. Ezagunak dira Francoren diktadurak Euskal Herrian herritarren eta bertako kultura eta izatearen kontra egindako eraso eta sarraskiak. Horren berri historia liburu eta weborri espezializatuetan irakur dezakegu. Testu horiek, ordea, gertaeretan sakontzen dute askotan eta batzuetan pertsonak, hezur eta haragizko gizakien bizipenak, ahazteko arriskua izan dezakete. Horretan hondar alea ipini nahi du, hain zuzen, pertsonak protagonista dituen istorietako historian Intxorta 1937 Kultur Elkartearen ‘Orratz begia’ erakusketak: gerraren ondorioak pairatu zituzten lagunen gomuta gordetzean, euren identitatea eta memoria berreskuratuz.

1936ko uztailaren eta 1937ko abuztuaren artean 35 bat mila euskal neska-mutilek utzi behar izan zituzten euren etxe eta familiak, gerratik ihesi. Euretako asko Britainia Handira iritsiko ziren, eta hainbat herritan barreiatu zituzten, Galesko Swansea herrian kasu. “Bertako Sketty Park izeneko kolonian, 7 eta 15 urte arteko ume errefuxiatuen argazki eta datu pertsonalak aurkitu dira”, jakinarazi dute Intxorta 1937 Kultur Elkartetik.

Berri dokumentazio hori aurkitu izanaren berri onak berri txar bat ere biltzen du. Izan ere, topatu diren argazkiak eta datu pertsonalen dokumentua ez daude batera eta ez dago argazkiak eta datuak lotzerik. "Alegia, argazkien azpian ezin dugu izenik ipini ez baitakigu nor den nor". “Eta hori da hain zuzen eskuartean hartu dugun helburu eta erronka. Deia zabaldu dugu, beraz, argitasun edo pistarik ekar dezakeen edonori, euskal herritarrri oro har, gurekin harremanetan jar dadin, laguntza behar baitugu aurpegiak izenekin lotu ahal uzateko”, azaltzen dute elkarte memorialistatik..

‘Orratz begia’

Helburu hori dauka irailaren 19an Arrasateko Kulturate aretoan inauguratuko den ‘Orratz begia’ erakusketak. Egun berean, liburu-katalogo bat ere plazaratu eta aurkeztuko dute, beti ere helburu berarekin. ‘Orratz begia’ proiektua, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Arrasateko Udala lagun ari da garatzen, eta euskal herritar askoren partaidetza eta lankidetza joan da biltzen, tartean konparazio Joseba Sarrionandia idazlearena,

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak lehentasun haurtu du Gerrako Haur hauei identitatea itzultzea eta karia horretara antolatu eta zabaldu du erakusketa eta proiektu oso hau, herritarrei laguntza galdeginez. Kontaktatu nahi duenak elkartearen intxorta1937@gmail.com helbidera idatziz egin dezake.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia