euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Oroitarria eskaini diote Saladillo sorterrian 86an Mundiala irabazi zuen "El Vasco" Olarticoechea futbolistari

2016/09/08

Abuztuaren 27an inauguratu zen Saladillon “El Vasco” Olarticoechearen omenezko monumentua
Abuztuaren 27an inauguratu zen Saladillon “El Vasco” Olarticoechearen omenezko monumentua

PUBLIZITATEA

Monumentua German Wright diseinatzaileari zor zaio. Jende ugarik hartu zuen parte oroitarriaren inaugurazioan, tartean hiriko agintariek, futbolariaren ahaide eta lagunek, Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeko kideek eta une berezi hori Julio Jorge “El Vasco” Olarticoechearekin partekatu nahi izan zuten hainbat saladillotarrek.

Saladillo, Argentina. Abuztuaren 27an inauguratu zen Buenos Aires probintziako Saladillon bertako Julio Jorge “El Vasco” Olarticoechearen omenean German Wright diseinatzaileak egindako monumentua. Burdinezko pieza 6,10 metro luze da eta 205. zenbakiko errepide nazionalaren biribilgunean dago ezarrita. Egileak azaldu duenez, “monumentuak futbolariak 1986an Mexikoko Nazioarteko Txapelketan jantzi zuen kamiseta zuri-urdin argia eta Txapelketako koparen itxura nahasten ditu. Irudian, jokalariak selekzioko kamisetan erabiltzen zuen 16 zenbakia eta bere izena ere daude margotuta”.

Inaugurazio ekitaldian, lagun ugarik hartu zuten hitza Argentinako futbol taldeko jokalariaren jardunbidea gailentzeko. Saladilloko Jose Luis Salomon alkatearen hitzetan, “oso garrantzitsua da Saladilloren alde gauza handiak egin zituztenak erakustea. Monumentu honekin ez dugu saritzen bakarrik kirol esparruan “El Vasco”k izandako arrakasta. Bere apaltasuna, xalotasuna eta indarra ere saritu nahi izan ditugu omenaldi honekin”.

Julio Olarticoecheak berak ere zuzendu zizkion hitz batzuk publikoari eta eskerrak emateaz gain erabat hunkituta agertu zen bere jaioterrian tamaina horretako oparia jasotzeagatik.

Gogora dezagun 2016 honetan hogeita hamar urte bete direla Argentinako Selekzioak Mexikoko Nazioarteko Futbol Txapelketa irabazi zuenetik eta urteurren berezi horren barruan omenaldi ugari jaso dituztela txapeldunek. Olarticoechearen kasuan, monumentuaz aparte, joan den ekainean Agustin Di Benedettok idatzitako “El Vasco de Saladillo” izenburuko liburua aurkeztu zen hiriko Udalean.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia