euskal diaspora eta kultura
2013/02/05
PUBLIZITATEA
Los Toldos, Argentina. Agintariak izendatu bezain laster hurrengo urratsen berri eman zuten Oroimenez Euskal Etxeko kideek iazko azaro eta abenduko lehendabiziko bileretan. Proiektu ugari iragarri zituzten, tartean euskal jaiak ospatu, izaera juridikoa tramitatzen hasi eta euskara eta dantza klaseak ematea.
Lehenengo ospakizuna, Santo Tomas egunarena izan zen. Abenduaren 20an bertan eta erakundearen behin behineko egoitzan, 60 bat lagun bildu ziren Solstizio Aldaketa ospatu eta txistorra dastatzeko. Elkarretaratzearen baitan, etxeko ‘aitonek’ Gernikako Arbolaren kimu bat landatu zuten. Instituzioko Raul A. Iparraguirre lehendakaria lagun, 94 urteko Emilio Pilar Iparraguirrek eta 84 urteko Felipe Solak zuloa egin eta landarearen puja lurperatu zuten. Topaketa gauerdia pasata bukatu zen, giro ezin hobean.
[Oroimenez Euskal Etxeko ekintzen collagea: Santo Tomas eguneko txistorra, etxeko ikurrina eta Enrique Iparragirre Olentzeroz(argazkiak EE)]
Euskal Herriko tradizioak zabaltzen jarraitzeko, abenduaren 22an eta Gabonen atarian Olentzerok bisita bat egin zien Los Toldoseko umeei. Jakinmina, ordea, helduengan ere piztu zuen ikazkin mitikoak. “Jendea hurbiltzen zitzaion nor zen jakiteko eta argazkiak egiteko. Asmoa hemendik aurrera urtero ateratzea da”, azaldu diote EuskalKultura.com-i euskal etxeko arduradunek.
[Euskal Etxeko ‘aitonek’ haritza landatu zuten. Argazkian, Emilio Pilar Iparraguirre, Felipe Sola eta Enrique Iparraguirre erakundeko idazkaria (argazkiak EE)]
Ekintza egitarauarekin jarraituz, urtarrilaren 19ean beste aktibitate polita gauzatu zuten Los Toldoseko euskal gizataldekoek. San Sebastian eguna ospatzeko, ‘pintxo afaria’ egin zuten Oroimenez-ko kideek, herriko Jubilatuen Elkarteko instalazioetan. Arratsaldeko 19.45etan eta internet bidezko zuzeneko transmisioari esker, Donostiako Konstituzio Plazan gertatzen ari zen bandera altxatzea eta Gaztelubide Elkarteko danborrada ikusi ahal izan zituzten etxetik atera gabe. Ondoren, ‘Euskal Herria Lau Haizetara’ saioko "San Sebastián. La Ciudad del Mar" izeneko atala eta ‘Union Artesana’ri buruzko filma proiektatu zituzten.
[Los Toldostik Donostiako danborrada ikusi zuten Oroimenez Euskal Etxeko kideek (argazkiak EE)]
Afarian, mota askotako pintxoak eskaini ziren, porru eta urdaiazpikoarenak, txistorrarenak eta gazi-gozoak. Ondoren, euskal zopa eta arroza izokinarekin zerbitzatu zen. Pintxo afaria oso arrakastatsua suertatu zen; izan ere, euskal etxekoek esker beroak eman nahi dizkiete Jubilatuen Elkarteko lagunei eta Udalari jaia gauzatzeko emandako laguntzagatik.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus